Bizkaiko metalgintzako lan-hitzarmenak hutsune nabari bat dauka sinaduren artean: sektoreko sindikatu nagusiak, ELAk, ez du bat egin akordioarekin. Bere ezezkoaren arrazoiak eta hemendik aurrerako bideak azaldu ditu.
“Historiko” hitza jarri diote azaroaren 26an CCOO, LAB eta UGT sindikatuek FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalarekin sinaturiko aurreakordioari. 2011z geroztik lan-hitzarmenik gabe zeuden 58.000 langileri eragingo die eta patronalak berak asteazken honetan egindako prentsaurrekoan “oso garrantzitsutzat” jo du sinaturikoa, enpresa eta langile guztiei eragin eta “egonkortasun” ekarriko duelakoan.
Alabaina, sinaduren artean ez dago ELA sindikatuarena, Bizkaiko metalgintzan %40ko ordezkaritza duen arren. ELAk azaldu duenez, bere militantziak asanbladan “aho batez” erabaki du akordioa ez sinatzea eta salatu du Lan Harremanen Kontseiluko negoziazio mahaian esertzerakoan, patronala jadanik hitz eginda zegoela gainerako sindikatuekin: “Hasieratik FVEM batasun sindikala apurtzen saiatu da”.
Mikel Etxeberria eta Mikel Bilbao ELAko negoziatzaileen esanetan, batasun hori giltzarri izan da orain arte –greba eta mobilizazio deialdiak tarteko–, eta maiatzaren 10ean gutxieneko aldarrikapenak adostea lortu zuten sindikatuen artean. Baina FVEMekin orain sinaturiko aurreakordioak, bertan behera utzi du plataforma hori.
Euren aburuz, aurreakordioak ez du gutxienetik gora kobratzen duten langileen egoera argitzen. Ez du subrogaziorik ekartzen azpikontrataturiko langileentzat, eta baldintza prekarioenak dituzten aldi baterako langileek ere ez dute aurrerapenik izango. Horrez gain, lanaldi murrizketarik ere ez du jasotzen aurreakordioak ELAren arabera.
Sindikatuko ordezkarien esanetan, horregatik guztiagatik aurreakordio hori “ez da nahikoa” eurentzat, eta orain enpresaz enpresa ekingo diote metalgintzako sektoreko langileen baldintzak hobetzeko borrokari, hitzarmen propioa duten lantegietan jarriko du arreta.