argia.eus
INPRIMATU
Ekitaldi jendetsuetarako neurriak iragarri ditu Jaurlaritzak, 150 kasuko tasa gainditzen den herrietan
  • Eremu gorrian dauden herrietan, prebentzio neurriak bermatzen ez dituzten ekitaldiak bertan behera uzteko deia egin du Jaurlaritzak, edo ekitaldia mantenduz gero, prebentzio neurriak indartzeko deia. Bestalde, gaueko aisialdiarekin eta jatetxeekin lotutako jardueratan COVID ziurtagiria eskatzeko baimena ere nahi du Jaurlaritzak.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 16a

100.000 biztanleko 150 kasuko tasa gainditzen duten herrietarako neurriak iragarri ditu Jaurlaritzak, asteazken honetatik aurrera indarrean sartuko direnak. Ekitaldi jendetsuak saihestea edo horiek modu seguruan egiteko neurriak indartzea da helburua, eta udal agintarien esku egongo da ekitaldiak bermeak betetzen al dituen baloratzea.

Hiru puntu

Lehenengo neurria, honakoa. “Udal agintariek 2021eko urriaren 6ko Aginduan aurreikusitako prebentzio-neurriak betetzen direla bermatu ezin duten jarduera guztiak bertan behera uztea edo aldi baterako atzeratzea, jarduera horien eremua edozein dela ere”. Janaria eta edaria edatearekin lotuta daudenetan interes berezia jartzea eskatu dute, “horrek maskara ez erabiltzea errazten baitu”.

Bigarren neurriak dio prebentzio neurriak mantenduz ekitaldia antolatzea erabakiz gero, neurriak indartzea komeni dela, bai barruko espazioetan, bai aire zabalean. Alegia, jendearentzako espazioa handitzea kontzentrazioak aurreikusten diren tokietan, pasabideak ezartzea, elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko guneak mugatzea, eta ahal dela jarduerak kanpoan antolatzea.

Azkenik, Osasun Sailak astean bitan (astelehen eta ostegunetan) bidaliko du buletin epidemiologikoa, udalerrien egoera ezagutzeko.

COVID pasaportea, derrigorrezkoa?

Aldi berean, Osasun Sailak aste honetan bertan baimena eskatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari jarduera jakin batzuetan COVID ziurtagiria eskatzeko. Baloratzen ari dira, 12 urtetik gorako pertsonentzat, honako toki hauetan eskatzea: gaueko aisialdiko establezimenduetan, musika eta dantza-jarduerak egiten diren establezimendu edo lekuetan (kontzertuak, adibidez) eta baimendutako talde handiek aldi berean bat egin dezaketen jatetxeetan.