Ara egunkariak aurreratu zuen orain egun batzuk ERC eta EH Bildu batera aurkez daitezkeela Europar Batasuneko hauteskundeetara. Koalizio abertzaleak jakinarazi du beste hainbat alderdirekin ere kontaktuan dagoela.
Ahalik eta hautagaitza “zabalena” aurkeztu nahi du EH Bilduk maiatzaren 25eko bozetara; beti ere, oinarri batzuen baitan: “jendarte eraldaketa eta herrien Europa nahi duten alderdiei luzatzen diegu gonbitea”, esan du Oskar Matute EH Bilduko kideak, Donostian eskainitako prentsaurrekoan. Hala, ERCrekin batera joango dela dioten berriak argitu nahi izan ditu koalizioak.
Dioenez, hainbat talderekin egiten ari da bilerak: Katalunian, ERCrekin biltzeaz gain, CUP eta Solidaritat alderdiekin ere egon da; Balear Uharteetan, PSMrekin; Galizian, BNG, Nós-UP eta ANOVA taldeekin, Aragoin, Independentistas de Cuchasekin; Gaztelan, Izquierda Castellanarekin; eta Espainian, Red Rojarekin.
Koalizioa ez dago itxita, eta aurrerago jakinaraziko dute zeintzuk osatuko duten.
Gainontzekoekin, akaso; ERCrekin, seguraski
Gainontzeko alderdien erabakia oraindik airean dagoen bitartean, ERCk iradoki du jada baietza eman diola hautagaitza bateratuari. Info7 irratiari eskainitako elkarrizketan, EH Bildurekin lan egiteko “borondate handia” duela esan du ERCko Joan Tardák. Era berean, lankidetza horretarako “esfortzu handia” egiten ari direla zehaztu du.
Ara egunkariak plazaratu zuen bi alderdiak iragan urriaren 25ean batzartu zirela eta hilabete honetan bertan elkartu daitezkeela berriz.
CUP taldeari buruz galdetuta, Tardák adierazi du “oso aberasgarria” iruditzen zaiola ERCek eta CUPek plataforma berberaren parte izateko aukera edukitzea.