Ostegun goizean jakin da Espainiako Gobernuak Txiki eta Otaegiren kontrako gerra kontseilua baliogabetu duela. Egiari Zor fundazioa pozik agertu da. Fundazioaren ustetan, udan izandako diskurtso batzuen aurka egiten du aitortza honek. Biktima guztientzako egia eta erreparazioa eskatu dute.
Egiari Zor Fundazioak balorazioa egin du Espainiako Estatuko Gobernuak Txiki eta Otaegiri egindako aitortza ofizialaz. Albiste hau saihestezina zela esan du fundazioak, frankismoko azken fusilatuak zer testuingurutan gertatu ziren kontuan hartuta. Fundazioaren ustetan aitortza horiek pasa den abuztutik Txiki eta Otaegiren inguruan piztutako adierazpen eta iritzi batzuen aurka doaz. “Uste dugu polemika hau batzuek erabili dutela, biktima on eta txarren ikuskerari buruzko biktimologia-esparru berria ezartzeko”.
Era honetan, hedabideetara igorri duten prentsa oharrean adierazi dute biktimen arteko hierarkia bat ezarri nahi izan dutela, Txiki eta Otaegiren familiei “doako eta zentzurik gabeko” mina sortuz. Polemikaren harira esan zuten bezala “ekintza biktimizatzailerekin zerikusirik ez zuten gogoetak sartzeak herri honetan azken urteotan biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako dituzten eskubideen inguruan lortutako adostasuna haustea zekarren”. Horregatik, pozik agertu dira bi aitortza berri hauekin.
Balioan jarri nahi izan dute “interpretazio-zerumuga” hori defendatzen zuten tokiko hainbat indar politiko, adibide gisa jarriz du pasa den irailean Zarauzko udalean onartutako mozioa. Eta bide horretatik lan egiteko dei egin du. Bizikidetza demokratikoaren bidean eskatu dut biktima guztientzako aitortza eta erreparazio instituzionala, “borroka alderdikoitik aldenduz”.