Europako Batzordea prest dago arto transgenikoa Europako lurretan landatzea baimentzeko, hemeretzi estatu kidek erabaki horren aurka bozkatu badute ere.
Asteartean egin zen eztabaidan hemeretzi estatuk argi utzi zuten genetikoki aldatutako artoa europar sailetan landatzeari uko egingo ziotela, osasun eta ingurumen arrazoiengatik.
EBko boto legeek, ordea, aurkakotasun hori nahikoa ez izatea dakarte. Erabakia estatu handienen eskuetan gelditu da, eta hauek Pioneer 1507 intsektuekiko erresistentea omen den transgenikoaren aldeko hautua egin dute. Erabaki horren aurrean, transgenikoaren aurka bozkatu duten hemeretzi estatu kideek EBko boto ponderatuen legea “absurdutzat” jo dute.
Espainia transgenikoen alde, Frantzia kontra
Erresuma Batua, Espainia, Suedia, Finlandia eta Estonia izan dira genetikoki aldatutako laborearen alde agertu diren herrialdeak. Besteak beste Alemania abstenitu egin da eta Frantziak guztiz kontrako jarrera azaldu du.
Tonio Borg, Europako Osasun komisarioak asteartean adierazi zuen batzordea lotuta dagoela orain eta legez “laborantzaren erabilera onartzera behartuta” dagoela. Borgek azpimarratu du 2001. urtean abiatutako ikerketa zabalak “laborantza segurua dela” erakutsi duela.
Erresuma Batuko bozeramailearen esanetan, genetikoki aldatutako laborerik gabe Europa “munduko nekazaritza museo” bihurtzeko arriskuan egongo da.
Espainiak bestalde, bertako nekazariek Europar Batasunetik kanpo dauden eta ekoizpen transgenikoak dituzten herrialdeekin lehiatzeko gai izan behar dutela nabarmendu du.
Transgenikoen korporazioak pozik
DuPont-ek, Dow Chemicalekin batera Pioneer 1507-a garatu duen korporazio estatubatuarrak, adierazi du EBk “bere buruarekiko, bertako nekazariekiko, zientzialariekiko eta merkataritza kideekiko betebehar legala” duela. Europar Batasunak “nekazaritzako aurrerapen berriekin bat egin” behar duela gaineratu du DuPontek.
Frantziak aurre egin die deklarazio horiei eta ohartarazi du Europar Batzordeak arto transgenikoaren erabilera planarekin aurrera eginez gero “Europarekiko eszeptizismoa areagotzeko arriskua” egongo dela, erabakiak aurka agertu den oposizio zabalari muzin egingo dio-eta.
“Aurkako gehiengo kuantitatibo nabarmena dugu, beraz, ez dut ulertzen nola onartu dezakegun halakorik. Are gehiago EBko hauteskundeen aurretik. EBko instituzioekiko irudi arriskutsua ematen ari gara, Europak ez duela funtzionatzen edo gaizki funtzionatzen duela pentsa dezaketenentzako erregaia izango da” azaldu du Thierry Repentin, Frantziako EBko Gaietako sailburuak, Russia Todayk jasotako adierazpenetan.
Informazio gehiago:
Transgenikoei buruzko albiste, erreportaje eta bideoak ARGIAren Transgenikoak kanalean.