argia.eus
INPRIMATU
Dutxan dardaraka
Iraitz Amor Pla 2025eko urriaren 01

Pasa den asteburuaren atarian, eta, oraingoan bai, hainbat hedabidetan Bernedoko udalekuetan gertatutakoa (Dutxa hotz bat denontzat) masiboki hedatu ostean, iritsi zen hezitzaileen adierazpena. Bertan, beraien “oinarri ideologikoak argitzea” eta “egiteko moduen zergatia azaltzea” nahi izan dute.

Instagramen @denuncias_euskalherria kontuko argitalpenean egindako iruzkinetan mezu transfoboak jaurti zirela seinalatu genuen, eta, beraz, prentsan ere horrelakoak agertzea ez da harritzekoa izan; baina bai, nerabe eta guraso batzuen partetik “sexu askatasunaren kontrako” egoerak salatu direla jakinik, hedabide batzuek begiraleen ikuspegia hobetsi dutela ikustea.

Bernedoko hezitzaileek, adierazpenean azaldu dute beraien “hezkuntza-proiektua balio transfeministetan” oinarritzen dela eta “identitate eta gorputz guztientzako gune seguruak sortzea” dutela helburu, eta hori oso ondo dago; udalekuetan askotariko esperientziak eta balio garrantzitsuak berenganatu ditzakete haurrek (lekukotasunak denok eman ditzakegu). Baina “hezkuntza-proiektu” izendapena merezi duen zerbaitek webgunean aztergai egon beharko luke eta feminismoaren barruan pentsamolde ezberdinak daudela jakinda, “transfeminismoa” zehaztea ere ez legoke soberan. Gainera, gurasoei (eta ez soilik adin txikikoei) berariaz eta xehetasun guztiekin azaldu beharko litzaieke proiektua aldez aurretik, dutxena barne, erabaki informatu eta libre bat hartu ahal dezaten, hargatik eragotzi gabe, udalekuan daudenean, haurrek jarduera edo proposamen baten aurrean uko egitea errespetatuko zaiela, inor baztertu edo lotsarazi gabe.

Auzi honen guztiaren inguruan fiskaltza ikerketa egiten ari da eta, beraz, inplikatutakoek izango dute, nork bere izenean, azalpenak emateko aukera. Ez dezagun inork aldez aurretik epaitu

Haur eta nerabeekin identitate eta gorputz aniztasunak, biluztasuna eta sexualizazioa, eta binarismoaren oinarriak eta ondorioak lantzea aberasgarria izan daiteke, baina edozein hezkuntza-esku hartze aurrera eramatean kontuan izan behar dira ikasleen aurrekariak, testuingurua, ezaugarri propioak eta abar; eta udaleku batzuetan, orokorrean, ezinezkoa da informazio hori guztia prest izatea eta lehenengo dutxatik (edo hamabosgarrenean ere) integratu ahal izatea, are gehiago berez sarri segurtasun-gabeziak dauzkaten nerabeekin, esperientzia apurtzaile bat ez baita magikoki modu lasai eta seguruan bizi, berau partekatzen duten besteengan eta norbere buruarengan konfiantza izatea behar da-eta. Larritasuna eta trauma psikologikoak ere eragitea (adierazi den bezala) ez zait arraroa iruditzen.

Ez dut uste begiraleek borondate txarrez jardun dutenik, baina afera honetan gaizki sentitu diren pertsonak egonda, adierazpenean autokritika falta izan zaiela esango nuke. Nerabeek ez dute zerikusirik izan udalekuen aurkako gorroto-mezuekin eta behintzat haiei adeitasuna zor zaie, beraien interpretazioarekin ados egon ez arren. Begiraleok ohituta behar lukete erasotua sentitu denaren errelatoa errespetatzen, horrela adostu baita beti mugimendu feministan, birbiktimizazioa ekiditeko. Eta prest egon beharko lukete, hori ere izan baita mugimendutik bultzatu izan dena sarritan, gizartearen kide batzuengandiko kantzelazioa jasateko (itsu eta polarizatuenena, agian, bai; baina baita lagun izandakoena ere). Izango dituzte, noski, babesa emango dietenak, argumentuz konbentzituak zein, berdin, itsu eta polarizatuak, baina beste muturrekoak: gorroto-mezuen egileen aurkari politikoak. Nahikoa izango al dira norbere kontzientzia lasaitzeko? Spoiler: ez; inoren kontzientziari ez diote lasaitasuna (benetakoa) ematen ez kentzen besteen iritziek; egoa besterik ez dute erasaten.

Zentzu horretan, lehenago ere esan izan dut gaitzesgarria dela edozein banako zein talderengandik beste edozein pertsonaren aurka burututako lintxamendu soziala eta mediatikoa (ikus Ikusi nahi ez dutenak eta Lotu zure txakurrak). Aner Euzkitzeren aurkakoa ere, merezi edo ez, berdin. Aurrekoan aipatutako bere artikulua, lehenengo eta behin, adierazpen askatasunaren baitan ulertu behar da, eta, bestalde, adoktrinamenduaz jardutean, ironiaz ziharduela esango nuke (beraz, zentzugabea litzateke bertan esandakoak dogma edo bide-orritzat hartzea). Anerrek Bernedoko udalekuekin zerikusi zuzena zeukanik ez nekien, eta berdin, ez dakit salatutako gertakariotan parte hartzerik izan duen ala ez. Edozein kasutan, auzi honen guztiaren inguruan fiskaltza ikerketa egiten ari da eta, beraz, inplikatutakoek izango dute, nork bere izenean, azalpenak emateko aukera. Ez dezagun inork aldez aurretik epaitu.

Iraitz Amor Pla