argia.eus
INPRIMATU
Israelek Gaza hiria ebakuatzeko agindua eman du eta drone batek eraso egin dio Flotillari Tunisian
  • Hirian milioi bat pertsona inguru bizi da egun, eta ez dute nora jo. Pazienteekin eta lanean geratuko direla adierazi du Shifa ospitaleko zuzendariak, eta babesa eskatu dio nazioarteari. Bestalde, gauerdian, Global Summud Flotillako ontzi bati eraso egin dio drone batek. Palestinari eta Flotillari babesa adierazteko mobilizazioak antolatu dituzte astearte arratsalderako.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 09a
MAHMOUD ISSA/Middle East Images/AFP/Getty Images

Ofentsiba are gehiago indartzeko asmoa iragarri du Israelgo Gobernuak aste honen hasieran. Armadak Gaza hiria "ekialdetik mendebaldera, Hiri Zaharretik itsasora auzo guztiak" husteko agindua eman die bertan bizi diren palestinarrei, "Hamas garaitzeko unea" dela esanda. Egungo kalkuluen arabera, milioi inguru pertsona bizi dira Gaza hirian.

Joan den astean hasi zen Israel fokua Gaza hirian zehatzago ipintzen. Han bizitzea "arriskutsua" zela iradoki zuen Benjamin Netanyahuk ostiralean, "eraikin altuak" jomuga ipinita, "Hamasen antolakuntza gune" direla argudiatuta. Asteburuan, Al Jazeera-ren arabera, 50 eraikin eraitsi dituzte, eta azken gau honetan, hamalau pertsona hil.

Shifa ospitaleko zuzendaria: “Pazienteekin geratuko gara”

Mohammad Abu Salmia Gaza Hiriko Shifa ospitaleko zuzendariak adierazpenak egin dizkio EFE agentziari. Shifa ospitalea hiriko handienetekoa da, 402 oherekin. Egoera lazgarria deskribatu du medikuak, baina ospitalean lanean jarraitzeko erabakimena azaldu du: “Pazienteekin geratuko gara”.

“Egoera oso arriskutsua da orain (Gaza) hiriko ospitaleetan”, azaldu du Abu Salmiak: batetik, ospitaleak %300ean daudelako beteak, eta, bestetik, pazienteak ezin direlako “Gazako ezein lekutara mugitu, ezta hegoaldera ere”. Azaldu du, esaterako, Shifa ospitaleko inkubagailuetan “ 80 haurtxo baino gehiago” daudela.

“Pazienteekin, zaurituekin eta ospitalean geratuko gara, baina okupazioarekin izan ditugun esperientziak izugarriak izan dira; horregatik, nazioarteko premiazko babesa eskatzen dugu ospitaleentzat eta medikuentzat, eta korridore seguru bat zaurituak ospitalera ekartzeko”, adierazi du.

Flotillaren aurka Tunisian drone bidez

00:35ean eman du Global Summud Flotillak erasoaren berri: lehergailua jaurti du itxuraz drone batek Family deituriko ontzi portugaldarrera, eta su hartu du alde batek. Kalte arinak izan dira, dena dela, eta kide guztiak onik daudela jakinarazi dute.

"Orain lasai egon behar dugula uste dugu, ez espekulatu, eta egiten ari ginenean kontzentratu, ontziak prest utzi Gazara ahalik eta lasterren itsasoratzeko berme handienarekin", adierazi dute ohar bidez. Are, letra larriz, ezerk ez duela "Gazatik arreta desbideratzen" nabarmendu dute; Gazara heltzea da haien helburua.

Igande arratsaldean heldu zen espedizioa Tunisiara, eta han, mugimenduarekin bat egingo duten ontziekin elkartu, eta astearte goizean atzera itsasoratzea zen aurreikuspena. Hala jakinarazi zion ARGIAri Flotillan doan Itziarrek, igandean Tunisian lehorreratu zutenean. Egitasmoan doazenen artean "zaintza estua" dagoela nabarmendu zuen elkarrizketan, eta "ardura handia" dagoela ekintzarekiko. Zigor Olabarria kazetariak Israelen balizko eraso batez galdetu zion, Israelgo Gobernuak "terroristatzat" izendatua dituelako Flotillako kideak, eta Itziarrek honela erantzun zuen: "Flotillaren aurkako eraso bat Palestinaren aldeko greben pizgarri balitz, ongi etorria litzateke". 

Astelehenetik astearterako gauean gertatu den erasoa baino lehen, espedizioaren lehen egunetan, gauez, droneak sumatu dituzte ontzidia zelatatzen. Uste dute orain, behin Tunisiatik Palestinara abiatuta, maizago izango dituztela gainean, aurreko flotilletan horrela izan baita.

Flotillaren eta Palestinaren aldeko mobilizazioak asteartean

Erasoari erantzunez, Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria ekimenak mobilizatzera deitu du astearte arratsalderako, Bilbon eta Gasteizen. Elkarretaratzeak egingo dituzte Palestina aske! Flotilla aurrera! lelopean: Bilbon, 19:00etan Moyua plazan; Gasteizen, 19:30etan Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren aurrean.