argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Udala vs. Ekologistak Martxan: nork du arrazoi?
  • Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi ostean Donostiako Ategorrieta hiribide inguruan airearen kutsadura maila oso handia dela, udaletik zalantzan jarri dute erabilitako metodologia eta adierazi dute errepide horretan dagoen estazio ofizialaren datuak hartu behar direla erreferentzia gisa. Hona hainbat zehaztasun, batzuek eta besteek darabiltzaten datuak hobeto ulertzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko apirilaren 30
Irudiko neurgailu motak erabili ditu Ekologistak Martxan taldeak, airearen kalitatea aztertzeko. Ekologistak Martxan

Ategorrietan dauden eskola inguruneek nitrogeno dioxido maila handia jasaten dutela ondorioztatu du Ekologistak Martxan taldearen ikerketak, eta zehazki hiru ikastetxeren inguruneek muga legala gainditzen dute (40 mikrogramo kubiko). Azterketa egiteko, neurgailu pasiboak erabili dituzte, eta horien inguruan mintzatu da Donostiako Udaleko Ekologia eta Ingurumen zinegotzia: aipatu du, batetik, ingurumen baldintzekiko oso neurgailu sentikorrak direla, “hala nola tenperaturarekiko edo hezetasunarekiko”, eta bestetik, neurketaren emaitzak laborategian aztertu behar direnez aldaketak egin ditzaketela “kontu handiz manipulatzen ez badira”.

Talde ekologistaren ikerketa irakurrita, txostenak berak dio neurgailu horiek ez dutela airea neurtzeko estazio ofizialek duten adina zehaztasun, eta zinegotziak aipatu moduan, onartzen du arriskua dagoela baldintza meteorologikoek edota atmosferako kutsadura kontzentrazioek emaitzetan eragiteko, baina arazo horri aurre egiteko, ondorioak atera dituen laborategiak kontuan hartu duela neurketak iraun bitartean tokian toki egin duen batez besteko tenperatura.

Ategorrietako estazio ofizialak zer dio?

Donostiako Udaletik lasaitasun mezua igorri nahi izan dute, oinarri hartuta Ategorrietako estazio ofizialaren neurketen arabera nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioa “Europako araudiak ezarritako mugen oso azpitik” dagoela. 2024. urteko batez besteko kontzentrazioa 20 mikrogramo baino txikiagoa izan zen.

"Estazioaren kokalekua eta datuak ez dira eremu horretako airearen kalitatearen adierazgarri, lorategiz inguratua eta trafikotik bazter"

Kontua da, estazio ofizial horren ondoan ere neurgailu pasiboak jarri dituela Ekologistak Martxan taldeak, azterketak iraun bitartean. Helburua? Ikustea ea estazioa jarri den lekua egokiena ote den, airearen kutsadura neurtzeko, edo beste era batera esanda, ea benetan trafiko handia dagoen lekuetan dagoen jarrita. Emaitza honakoa izan da: Ategorrietako estazio ofizialaren inguruan Ekologistak Martxanek ezarritako neurgailu pasiboek beste neurgailuek emandako datuek baino datu hobeak eman dituztela (alegia, kutsadura maila txikiagoa). Ondorioa? “Estazioaren kokalekua eta datuak ez dira eremu horretako airearen kalitatearen adierazgarri. Lorategiz inguratua eta trafikotik bazter egonda, izan daiteke horrek eragina izatea estazioak neurtzen dituen balioetan”, dio talde ekologistaren txostenak.

Zehazki, Donostian neurturiko bederatzi eskola inguruetatik, estazio ofizialaren ondoan neurgailu pasiboek eman duten kutsadura maila baino handiagoa eman dute zazpi ikastetxek (The English School, La Asunción, Zurriola HH, Zurriola LH, Zuhaizti Ategorrieta, Zuhaizti Presentación María eta Zuhaizti Biteri) eta estazio ofizial alboko neurgailuen emaitzen azpitik bi ikastetxe baino ez dira geratu: Jesuitak eta Zurriola BHI.