Erbetegi dorretxeko bizilagunen etxegabetzea "gehiegikeria eta bidegabekeria instituzionala" dela dio Astigarraga-Lezo AHTren proiektuaren herri ekimenak.
Pasa den astean utzi behar zuten Donostiako Martutene auzoko Erbetegi dorretxe historikoa bertako bizilagunek, derrigorrezko presazko espropiazioaren ondorioz. Adifek, Astigarraga-Lezo arteko AHTren obren barruan etxea hustu eta eraisteko asmoa du. Baina erreakzioak bata bestearen atzetik datoz, eta proiektu horren kontrako herri ekimenak ere etxegabetzea gogor kritikatu du. "Donostiako udalerriko etxe zaharrenetakoa den ondarea suntsitu eta hormigoiez estaliko" dutela salatu dute.
XVI. mendeko eraikin zibil baliotsuaren hondar batzuk Irungo Gordailura eramango dituzte eta aurriak baizik ez dituzte utziko ikusgai. "Bost axola hauei bertakoen bizi proiektu eta ibilbideak. Bai hala bai, prest dituzte indar armatuak edozein erresistentzia mendean hartzeko, prest makinaria txikitzailea mendeetan iraun duen dorrea eta bere historia birrintzeko", adierazi dute herri ekimenekoek.
Gogorarazi dute behinola Gipuzkoako nekazaritzarako eremu onenetarikoa izan zela Martuteneko ibarra eta haren suntsiketa "azkeneraino" eramango dutela, inguruko baratzak ere "porlan azpian" hartuko baitituzte.
Bizilagunei elkartasun osoa adierazi diete AHTren kontrako ekintzaileek: "Bakar-bakarrik, inoren babesik gabe, bertan irauteko ahalegin guztiak egin dituzte, erakundeen mespretxua eta komunikabideen isiltasuna besterik ez jasoaz".
Erbetegiko bizilagunek bi urteko borroka daramate euren etxea babesteko. Adifek kalte-ordain "irrigarriak" eskaini dizkiela salatu dute eta Donostiako Udalak alokairu soziala baino ez dietela eskaini alternatiba gisara.