argia.eus
INPRIMATU
Diasporako eta Euskal Herriko 100 gazte aukeratu ditu EuskarAbenturak uztaileko espediziorako
  • Hiritarrak eta herri txikietakoak, dantzariak eta kirolariak, interes eta talentu anitzeko gazteak elkartuko dira uztaileko EuskarAbenturan. Euskal Herriko herrialde guztietakoak daude taldean.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 17a
Mauletik Getxorako ibilbidearen nondik norakoak.

EuskarAbenturaren helburua horixe zen besteak beste, zazpi herrialdeetako eta diasporako gazte euskaldunak elkartzea. Lortu du hala izatea. Partaideen %45 bizkaitarrak izango dira, %22 nafarrak, %18 gipuzkoarrak, %11 arabarrak eta Zuberoatik, Lapurditik eta Nafarroa Beheretik gazte bana izango da. Diasporari dagokionez, Washingtonetik eta Patagoniatik gazte banak hartuko du parte Euskal Herrian egingo den hilabeteko espedizioan.

140 gaztek lan bat aurkeztu dute eta espedizioan parte hartzeko motiboak azaldu behar izan dituzte antolatzaileak konbentzitzeko. Kopuru horretatik 100 gazte hartu dituzte. Antolatzaileen asmoa 20 gazte gehiagok parte hartzea da, baina horretarako diru-laguntzak ez dituzte bermatuta. Haien itxaropena da uztailera bitartean babes ekonomiko nahikoa lortzea jada aurre-aukeratuta dituzten gazteek parte hartzeko. Parte-hartzaileen zerrenda lotura honetan dago.