Idoya Iragorri ezkutuan zen gazte auziperatua Sestaon agertu da bere alde antolatutako Desobedientzia Egunean eta Ertzaintzak atxilotu du.
Herriko udaletxean agertu da gaztea eta esku bat eraikineko atera kateatu du. Ertzaintzaren furgonetak agertu dira jarraian eta katea hautsita atxilotuta eraman dute. Iragorriri babesa ematera azaldutako herritarrei bultzaka aritu dira polizia autonomikoko agenteak.
Auzitegian agertzeari uko
2009an Segiren kontrako sarekadan atxilotu zituzten 40 gazteren aurkako prozesua salatzeko helburuarekin antolatu dute Desobedientzia Eguna.
Idoya Iragorri zen Espainiako Auzitegi Nazionalera joateari uko egin zioten lau gazte independentistetatik kalean zegoen bakarra. Hiru hilabete baino gehiago pasa ditu ezkutuan. Tarte horretan ekimen desobedientearen baitan publikoki agertzen eta desagertzen ibili izan da beste hiru kideak bezala.
Irati Mujika urtarrilak 9an atxilotu zuten Aramaion. Pasa den larunbatean Unai Ruiz eta Goizane Pinedo atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteizen desobedientziaren aldeko martxaren ostean.
Sestaoarrari Ander Perez kazetariak eginiko elkarrizketa argitaratu zuen pasa den astean ARGIAk. Ondorengo bideoan ikus daitezke Iragorriren adierazpenak.