argia.eus
INPRIMATU
Darpón Osasun sailburuak dimititzen ez badu, Urkulluk kargugabetu dezala nahi du EH Bilduk
  • Martxoaren 21ean bozkatuko du EAEko Legebiltzarrak Jon Darpón Osasun sailburuaren gaitzespena, Osakidetzako Enplegu Eskaintza Publikoko azterketetako filtrazioen eskandaluaren harira. EH Bilduk koska bat harago eraman du Elkarrekin Podemosen hasierako planteamendua, lehendakariaren esku-hartzea eskatuz.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 06a
Jon Darpón Osasun sailburua (eskuinetik hasita lehenengoa) eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria (ezkerretik lehenbizikoa) martxo hasierako agerraldi batean (argazkia: Irekia).

Darpónen dimisioa eskatu bakarrik ez, sailburuak kargua utziko ez balu Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak kargugabetu dezala nahi du EH Bilduk. Horregatik, martxoaren 21ean Legebiltzarrean bozkatuko den sailburuaren gaitzespenari eranskin bat gehitu dio, gaitzespenaren ostean Darpónek Jaurlaritza utziko ez balu Urkulluk “berehala” postutik ken dezan.

Oposizioko alderdien batuketak posible egingo luke Darpónen gaitzespena, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk 38 eserleku baitituzte guztira, Jaurlaritza sostengatzen duten EAJk eta PSE-EEk baino bat gehiago alegia. Badirudi oraingoan batuketa hori gertatuko dela, 2018ko amaieran ez bezala –orduan PPrentzat aski izan zen Maria Jesús Mugica Osakidetzako zuzendari orokorrak bere postua uztea–.

PPren aldaketaren zergatia ulertzeko bi arrazoi nagusi daude: fiskaltzak Osakidetzako auzian delitu zantzuak aurkitu izana eta alderdien artean dagoeneko nagusi den hauteskunde giroa.

Konbinazio horrek Darpónen gaitzespena ekar dezake, baina EH Bilduko Rebeka Uberaren ustez ez da nahikoa. Pauso bat harago joateko beharra azpimarratu du legebiltzarkide abertzaleak: EAEko parlamentuak formalki eska diezaiola Iñigo Urkulluri auzian esku hartzeko, Darpón bere kabuz joaten ez bada. “Darpón da gizarte osoari egindako iruzur honen erantzule politiko nagusia”, adierazi du Uberak. Bere esanetan, beharrezkoa da gizarteari “mezu argia” bidaltzea horrelako praktikak errepika ez daitezen.

Ez dirudi momentuz Jaurlaritza irizpidez aldatzekotan denik. Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez, Legebiltzarraren gaitzespenak ez luke izaera loteslerik eta beraz, posible da Jaurlaritzak jaramonik ez egitea. Martxoaren 13ra arteko tartea dute EAEko Gobernua osatzen duten alderdiek gaitzespen-dokumentuari alternatibak aurkezteko.