argia.eus
INPRIMATU
Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du
  • Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 14a
Daniel Noboa eskuindarrak bigarren agintaldia izango du Ekuadorko presidente gisa. David Diaz Arcos / Reuters

Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliak emaitza estuak utzi zituen bi hautagai nagusien artean: Daniel Noboa egungo presidenteak botoen %44,3 eskuratu zituen, eta Luisa González correistak, berriz, %43,8. Igandean egin diren bozen bigarren itzulian joera bera mantenduko zela aurreikusten zuten inkesta gehienek, baina Noboak hamar puntu baino gehiagoko aldea atera dio Gonzálezi: Ekintza Demokratiko Nazionala alderdiko buruak botoen %55,8 eskuratu dituen bitartean, Herritarren Iraultza Mugimenduaren hautagaiak %44,1 lortu ditu, CNE Ekuadorko Hauteskunde Batzordearen arabera.

Argitaratutako emaitzekin kexu agertu da oposizioa: Herritarren Iraultza Mugimenduak Quito hiriburuan duen egoitzan eginiko agerraldi batean, Gonzálezek adierazi du igandeko hauteskundeak Ekuadorko historiako "iruzurrik handiena" dela, eta aurreratu du botoak berriz zenbatzea eskatuko diotela CNEri.

Rafael Correa presidente ohiak (2007-2017) ere emaitzak gaitzetsi ditu bere sare sozialetan, eta kexu da "ezinezkoa" dela lehen itzulitik bigarrenera gisa horretako hazkundea izatea Noboak lortutako botoek: "Ez dut sinetsi nahi egia baino gezurra nahiago duen edota indarkeria bakea eta batasuna baino nahiago duen herririk dagoenik". 2017tik erbestean dago Correa, Belgikan, 2012 eta 2016 artean izandako hainbat ustelkeria kasuengatik bera atxilotzeko agindua baitago Ekuadorren.

Agintaldi ezegonkorra

2023ko azaroan iritsi zen Noboa Ekuadorko presidentetzara, haren aurreko presidente Guillermo Lassok (2021-2023) dimisioa aurkeztu ondoren. Geroztik, zailtasunez beteriko agintaldia izan du Ekintza Demokratiko Nazionaleko buruak, krimenak eta eguneko hilketek nabarmen egin baitute gora azken urteetan: gobernuaren datuen arabera, 2019an, ehun mila biztanleko zazpi hilketa baino gutxiago zeuden; 2023an, berriz, 46. Horrez gain, langabeziak edota pobreziak gora egin dute, besteak beste.