argia.eus
INPRIMATU
CAFek giza eskubideak errespetatzen dituela “baieztatu” beharko du, Belgikako kontratu milioiduna eskuratzeko
  • Beasaingo enpresak 1.695 milioi euroko kontratua lortu du Belgikako SNCB-NMBS tren konpainia publikoarentzat 54.000 plaza dituzten bagoiak egiteko. Baina aurretik, belgikar konpainiak eskatu dio bere jarduerek nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak errespetatzen dituztela "konfirmatzeko".

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko uztailaren 24a
Belgika eta Paris arteko tren bat, Bruselan. SNCB

Azkenean CAFek eramango du Belgikako trenbide sarea hornitzeko 1.695 milioi euroko kontratu milioiduna, SNCB-NMBS konpainia publikoko administrazio kontseiluak uztailaren 23an erabaki duenez

Hala ere, konpainia belgikarrak baldintza bat jarri dio Beasaingo tren-enpresari, "azken erabakia" hartu aurretik: nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak errespetatzen dituela ziurtatu edo "baieztatu" beharko du. Gainera, tokiko hornitzaileekin lan egiteko konpromisoa har dezala ere eskatu dio.

SNCB-NMBSk 2022an hasi zuen 54.000 plaza izango lituzketen bagoiak esleitzeko kontratu erraldoiaren prozesua, eta hasiera batean CAF "lehentasunezko" lizitatzaile moduan hartu bazuen ere, pasa den otsailean Belgikako Estatu Kontseiluak bertan behera utzi zuen erabaki hori.

Belgikako sindikatuek eta hainbat alderdik kexa azaldu dute, CAFek Ekialdeko Jerusalemen duen trenbide proiektuagatik, eta lehiaketan atzean geratu den Alstom enpresak 1.900 laguni ematen dielako lana Belgikan

Belgikako sindikatuek eta hainbat alderdik kexa azaldu dute, alde batetik, CAFek Israelen Ekialdeko Jerusalem inguruan aurrera daraman trenbide proiektua dela eta, eta bestetik, bagoiak esleitzeko lehiaketa horretan atzean geratu den Alstom enpresak 1.900 laguni ematen dielako lana Belgikan dituen lantokietan.

"Munduko txapelduna"

Asteazkenean SNCB-NMBSren administrazio kontseiluaren erabakiaren berri jakin bezain pronto, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik mezua zabaldu du sare sozialetan eta "bere historiako kontratu handiena" lortzeagatik zoriondu du euskal enpresa: "Euskadi da trenbide industria sektorean mundu mailako txapelduna. Zorionak CAFeko kideei zuen lan gogorragatik, zuek egiten gaituzue herri industriala!", esan du.

Belgikarekin sinatuko lukeen kontratuak hasiera batean 180 tren egitea aurreikusten badu ere, gerora 500 tren egiteko aukera ere zabaltzen du, eta orotara 3.400 milioi euroko eskaria litzateke.

CAFek egun 22.000 langile ditu mundu osoko 60 herrialdetako lantokietan barreiaturik, horietatik 5.000 inguru Euskal Herrian.