argia.eus
INPRIMATU
CAF Bartzelonako metroaren kontraturik gabe gera liteke, NBEren zerrenda beltzean dagoelako
  • Bartzelonako garraio konpainiak klausula bat dauka, betoa jartzen diena NBEko Giza Eskubideen erakundeko zerrendetan dauden enpresei. CAF zerrenda horretan dago, Jerusalemgo trenbideko lanengatik. 39 tren eta 321 milioi euroko kontratua legoke jokoan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko urriaren 08a
Bartzelonako TMB konpainiaren trena, CAF hornitzaile nagusietako bat izan da orain arte. TMB

CAF tren konpainiari ez zaio dohainik ateratzen ari Jerusalemen trenbide bat egiteko duen kontratuarekin jarraitzea. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Ordezkaritzak, Israelek ilegalki okupaturiko palestinar lurraldeetan jarduten duten enpresen zerrenda beltzean sartu du, eta horrek Bartzelonako metrorako trenak egiteko lehiatzea eragotzi diezaioke.

Transports Metropolitans de Barcelona (TMB) konpainiak klausula bat dauka, NBEn zerrenda horretan dauden enpresei betoa jartzen diena. CAF TMBren hornitzaile nagusietako bat izan da, Alstom konpainia frantziarrarekin batera; baina orain, klausula horren ondorioz Bartzelonako metroarentzat 39 tren berri eraikitzeko lehiaketatik kanpo gera liteke. Denera 321 milioi euroko kontratua legoke jokoan.

Alstomek helegitea jarri zion klausulari, NBEn zerrendan zegoela-eta ezin zuelako kontratu horretara hautatu. Zerrenda eguneratuan jadanik ez da konpainia frantziarra ageri, CAF bai, ordea 

Alstomek helegitea jarri zion klausulari, NBEn zerrendan zegoelako, eta Santa Perpètua de Mogodam herrian lantegi bat izan arren ezin zuelako kontratu horretara hautatu. Zerrenda eguneratuan jadanik ez da konpainia frantziarra ageri, CAF bai, ordea. 

Sektore Publikoko Kontratuen Kataluniako Auzitegiak erabaki behar du Alstomek jarritako helegitea onartu ala ez, eta erabaki horrek zehaztuko du Beasaingo enpresak TMBren lizitazioko lehiaketan parte hartu ahal izango duen –eskaintzak aurkezteko epea abenduan itxiko da–.

Pradales: "CAFek ongi azaldu du zer ondorio izan ditzakeen kontratua hausteak"

Beasaingo konpainiak esan du Shapir enpresa israeldarrarekin batera egiten ari den Jerusalemgo trenbidearen obrek giza eskubideak errespetatzen dituztela eta inplikazio juridiko "konplexuak" dituela kontratu hori eteteak.

Hain zuzen, EAEko lehendakari Imanol Pradalesek hori gogorarazi du Madrilen, Nueva Economia Forum-ek antolatutako Forum Europa gosarian: "CAFek ongi azaldu du nola kontrastatu duen gaia NBEko adituekin, baita nolakoa den indarrean dagoen kontratua eta zein ondorio izan ditzakeen hori hausteak ere", esan du.

NBEk osatutako zerrendan 160 enpresa daude: horietatik 138 israeldarrak dira eta soilik 22 munduko beste herrialdeetakoak, tartean dago Euskal Herriko CAF.