argia.eus
INPRIMATU
Cabacasen familiak helegitea aurkeztu du goi kargu gehiago auzipetzeko
Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 14a
Cabacasen gurasoak goi karguen auzipetzea eskatzeko eskainitako prentsaurrekoan. (Arg: Marisol Ramirez/ ARP)

2012ko apirilean Ertzaintzak Iñigo Cabacas gaztea pilotakadaz hil zuenetik, zabalik dago errudunak aurkitzeko auzia. Aurreko astean eman zuen epaileak haren erabakiaren berri: lau polizia auzipetu ditu; pilotak bota zituztela onartu duten hirurak eta polizia operatibo horren arduraduna. Akusazio partikularrak, baina, 40 ertzain baino gehiago auzipetzeko eskatu zuen uztailean. Kexu da, beraz, auzipetze eskas horiekin.

Epailearen erabakia “aurrera pauso bat da”, baina “ez da nahikoa”, familiaren akusazioa zuzentzen duen Jone Goirizelai abokatuaren ustetan. Hala mintzatu da bart hedabideei Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.

“Denarekin sartu” agindu zien goi kargu batek apirilaren 6ko gauean Maria Diaz de Haro kalean zeuden Ertzainei. Dena lasai zegoela erantzun zioten, baina mandatuak aurrera jarraitu zuen. “Ugarteko” ezizenez identifikatzen zuten poliziek aparatuaren beste aldetik ordena eman zuen ertzaina.

Gainontzeko auzipetze eskaerekin bat “Ugartekoren” inputazioa “espresuki” eskatu du Goirizelaiak, Bilboko 10. Instrukzio Epaitegian egin duen errekurtsoan.

“Ugarteko” delakoaren plaka zenbakia baino ez da ezagutzen egun: 3.316 identifikazio-zenbakia dauka.

Familia, minduta

Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas hildako gaztearen gurasoek “minduta” daudela esan dute. Diotenez, Patxi Lopezen eta Iñigo Urkulluren agintaldietan “hitzak” baino ez dituzte jaso, “ez animorik, ezta laguntzarik ere”.

Manu Cabacas oso kritiko azaldu da instituzioek emandako tratuarekin: “Aurtengo biktimen omenaldira ez gaituzte gonbidatu. Eta gure semea biktima da, ez zen katarroak jota hil”.

Saminez egin du solas Lizeranzuk ere: “Erraiak erauzi dizkigute”. Haren esanetan, oparazioa gidatu zuena identifikatuta dute, baina ez diote ezer egin.

 

Cabacasen hilketan ertzainen arteko komunikazio erakusten duten irudiak: