argia.eus
INPRIMATU
Burujabetzaren Aldeko Mugimenduak topaketak egin ditu Tafallan, herri mugimenduen arteko harremanak saretzeko eta indartzeko
  • Jende andana bertaratu zen Nafarroako hirira larunbatean, BAM Burujabetzaren Aldeko Mugimenduak antolatu zituen azokara nahiz hitzaldietara. Egun osoan zehar giro polita nagusitu zela azpimarratu du Itziar Moreno BAMeko kideak. Gainera, Morenok adierazi du "ondorio interesgarrietara" heldu zirela herri mugimenduek Euskal Herrian jokatu behar duten paperaren inguruan, eta hurrengo urtean ere topaketak antolatzeko konpromisoa hartu zutela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 26a
Burujabetzaren Aldeko Mugimenduaren topaketetan eginiko bazkaria, Tafallan. Itziar Moreno

ARGIAri ostegunean eginiko adierazpenetan, BAM Burujabetzaren Aldeko Mugimenduko kide José Javier Oses "Jotas"-ek azpimarratu zuen mugimenduak jarriko zuen "lehen hazia" izango zirela topaketak, eta hala berretsi da: jende ugari bertaratu zen Tafallara larunbatean, mota guztietako produktuen azokarekin hasi zen eta gai ugariren inguruko hitzaldiak izan zituen egun osoko egitarauan. Egunaren balorazioari dagokionez, Itziar Moreno BAMeko kideak nabarmendu du "giro polita" nagusitu zela antolatu ziren ekitaldi guztietan, eta Euskal Herriko Herri Mugimenduen arteko harremanak saretzeko "ondorio interesgarrietara" heldu zirela.

Morenoren arabera, ordea, mugimendua ez da "hutsetik hasi": "herri mugimenduek urteak daramatzate Euskal Herrian paper garrantzitsu bat jokatzen, eta hain zuzen, horien arteko harremanak indartzeko balio izan dute topaketek". Izan ere, Burujabetzaren Aldeko Mugimenduak antolatutako egunaren lehen edizioa izan zen larunbatekoa, baina dagoeneko Morenok aurreratu du hurrengo urtean berriz antolatzeko konpromisoa hartu dutela partaideek, aurtengoak ereindako haziak ikusita. BAM hainbat arlotako herri mugimenduetako kideek osatzen duten elkartea da, Osesen esanetan Euskal Herrian martxan jartzen diren hamaika proiekturen arteko harremana sendotzeko balioko duena: "Euskal Herriko arlo ezberdinetako elkarteen arteko talde sentimendu horren falta sumatzen dugu, elkarren arteko ezjakintasuna eta ezagutza falta nagusitzen dira".

Euskal Herriko herri mugimenduen partaidetza soilik ez, eta nazioarteko hainbatena ere izan zuten topaketek, bazkariaren ondoren egin zen "desobedientziaren eraginkortasunaren" inguruko hitzaldian: Kataluniako CDR, Andaluziako Marinaleta eta SAT, eta Tolosako (Okzitania) Le Collectif contre l'A69 izan ziren bertan. Horrez gain, Argentinako, Filipinetako, Kubako, Andaluziako eta Venezuelako hainbat kideren laguntzarekin, besteak beste, burujabetza, herri boterea eta demokrazia komuna ere landu zituzten arratsaldean.