Heriotzak Eduardo du izena
-------------------------------------------------------------
Bunker batean garatzen da antzezlana. Ihes izan da Literaturiaren aurtengo gaia. Eta Ander Lipusek idatzi du jaialdiaren aurtengo manifestua. Konbo hirukoitza.
Asko emozionatu dira Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumakoak argitalpen sortaren hamargarren urteurren honetan; hala irakurri diogu Maialen Berasategiri aldizkari ez-zerutiar honetan. MPK-koek enkargua egin zieten Formoleko hiru artistei: egin antzezlan bat poesia liburu bat oinarri hartuta. Biziei ere omen izan da liburua, zeina urteotan bilduman parte hartu duten ia 40 itzultzaileren poemen hautaketa bat den. Liburu berezia, ezbairik gabe. “Oso kaier eklektikoa”, antzezlana prestatzen aritu den Edurne Azkarateri Berria-n leitu zitzaionez. Azkenean, ikusi zuten poema askok heriotza ukitzen zutela, zuzenean edo zeharka, zentzu beliko edota poetikoago batean. Bunkerraren ideia, hortaz, hortik otu zitzaien. Eta antzezlana ikusi duenak badaki, edo prentsara bidali dituzten argazkiak jaso dituen hor zeharreko kazetariak ere bai, den-dena oso-oso iluna dela.
Hiru aktoreek bunkerrean topatu dute etxea, eta bertara sartzeko gonbita egingo diote ikusleari. Iluntasunean bada ere goxo egoten dela hor, musikita-rekin, kasu batzuetan digeritzeko zailak diren poema sasi errezitatuen eta zero inteligenteak diruditen adiera absurdoen artean. Gauza arraroa dirudi, bai; zeren gauza arraroa da. Baina atsegina da sortu duten atmosfera, eta horrek balio du. Omenaldi ez-formal asko, detaile friki ugari eta tunelaren amaierako argia. Kaos pixka bat. Ihes egiteko deiadarra. Edurne, Intza eta Mikel. Beste estilo bat.
Antzerkiak leku oso gutxi du gure gizartean, eta batez ere hezkuntzan. Horixe esan zuen Ander Lipusek antzerkiaren aurretik, Literaturiaren hasiera ekitaldian, manifestuan. Nahi nuke antzerkia ikusteko hezkuntza eduki, eta behar adina imajinazio izan, amestu ahal izateko Heriotzak Eduardo du izena antzezlana amaitu eta korridoreetan “ze arraroa izan da”-z gaindiko komentarioak entzungo direla noizbait.
Ihes egitera doa Lipus. Ezlekuetan ibiliko dela esan du. Eta orain, garaia da, berak esan moduan: “Zabaldu ditzagun leihoak, eta liburuak”.