argia.eus
INPRIMATU
Bretainia osorik bat egitea, milaka herritarren aldarria Ar Naonedeko karriketan
  • Hamabost mila inguru jende bildu da Ar Naoned-Nantes hirian (Breitainia) joan den larunbatean, ekainak 28, gaur Bretainiatik bereizita dagoen Loire Atlantique departamendua berriro Bretainiako parte izan dadin eskatuz. Frantziako Estatuak Bretainia eskualdetzat lau lurraldetan mugatu zuen 1950eko hamarkadan, bostgarrena den Ar Naonedekoa kanpo utzita. Geroztik bretainiar gehienen eskaria izan da berriro bostak elkartea, baina Parisko gobernuak berrikitan erabaki duen Frantziako Estatuaren lurralde berrantolaketa berriak ere ez du bideratu arazoa.

     

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2014ko uztailaren 01a
Ekainaren 28ko manifestazioa Ar Naonedeko karriketan. (Argazkia: @Mevena Guillouzic-Gouret)

44 = Breizh kolektiboak [44 kodeak identifikatzen du Ar Naonedeko lurraldea] antolatu du azken manifestazioa eta bertan hainbat alderdi eta talde independentista, autonomista eta kulturzaletako ordezkariek hartu dute parte, zenbait hautetsi sozialista eta UMPko barne. Bretainiako eskualde kontseiluko bi lehendakariordeak ere bertan izan dira. Manifestazioan salatu dute François Hollanderen gobernuaren barruan Manuel Valls ministroak egin duen berrantolaketak galtzen utzi duela aspaldiko aldarrikapena egia bihurtzeko aukera eta eskatu dute gaiaz herritarrei galdetu dakiela erreferendum bidez.

Irakinaldi berria ari da bizitzen Bretainia azken urteotan, joan den negu eta udaberrian txano-gorrien mugimenduek erakutsi dutenez. Urte luzez nazio nortasuna eta hizkuntza talde autonomista eta independista txikiek bakarrik eta nekezia askoren artean defenditu ostean, badirudi Bretainiaren gutxieneko eskakizunen defentsan antolatu dela mugimendu zabalagoa, establishmenteko politikari hautetsiak, burgesia bretainiarra eta mugimendu herritarrak elkartzea lortu duena.