argia.eus
INPRIMATU
Bolsonaroren aurkako epaia berretsi du Brasilgo Auzitegi Gorenak
  • 27 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, estatu kolpe saiakera leporatuta. Orain, Brasilgo Auzitegi Goren Federalak presidente ohiaren helegiteak ukatu eta epaia berretsi du.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko azaroaren 17a
https://fabricadeperiodismo.com

Iragan igandean, Jair Bolsonarok bere kondenaren aurka aurkeztutako helegiteak ukatu ditu Brasilgo Auzitegi Goren Federalak. Eskuin muturreko presidente ohiari 27 urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, boterean betikotzeko sare bat antolatzeagatik erruduntzat jo zutelako. Hainbat kargu egotzi zizkioten: “Estatu kolpea, zuzenbide estatuaren abolizioa, erakunde kriminal armatu bat eratzea, jabetza publikoari kalte larriagoak egitea, eta ondare historikoa hondatzea”. Epaian, gainera, kondena iraungi eta zortzi urtera arteko inhabilitazioa jasotzen da.

Oraingoz ez dago zehaztuta berrespenaren epaia argitaratzeko data. Horrek aginduko du estatu kolpea ematen saiatu ziren sareko akusatuek kondenak non beteko dituzten. Talde horretan daude, besteak beste, Paulo Sérgio Nogueira eta Walter Braga Netto Defentsako ministro ohiak, Anderson Torres Justiziakoa edo Almir Garnier Marinako almirante ohia.

Bolsonaro abuztuaren 4tik dago Brasilian duen egoitzan etxeko atxiloaldia konplitzen. Auzitegi Goreneko epaile Alexandre de Moraesek hartu zuen erabakia, eta iragan astean berretsi. Magistratuak etxeko atxiloaldia mantentzea erabaki, eta gainerako kautelazko neurrien indarraldia luzatu du, buruzagi ultraeskuindarraren "ihes egiteko beldur oinarrituaren" aurrean.