Gaizkile elkarte baten parte izateagatik jarri diote kartzela zigorra; haatik, bestalde leporatzen zitzaionarentzat errugabetu du Pariseko Auzitegi Korrekzionalak. Frantziako presidentetzarako 2007ko kanpaina finantzatzeko Muammar Gaddafi Libiako diktadore zenarengandik milioiak jaso izanagatik epaiturik ziren hamabi arduradun, tartean Nicolas Sarkozy, Frantziako presidente izandakoa 2007tik 2012ra.
Bost urteko kartzela zigorra 2007tik 2012ra Frantziako Estatuko presidente izandakoarentzat. Hemendik hilabete batera jakitera emanen diote kartzeleratzeko egunaren berri. Frantziako presidentetzarako 2007ko kanpaina finantzatzeko Muammar Gaddafi Libiako diktadore zenarengandik milioiak jaso izanagatik epaiturik ziren hamabi arduradun, tartean zen Sarkozy. Epaitegiak gertakarien "aparteko larritasuna" azpimarratu du. Halaber, bost urtez ezingo du hauteskundeetara aurkeztu eta 100.000 euroko isuna ordaindu beharko du.
Gaizkile elkarte baten parte izateagatik bakarrik zigortu dute, azkenean, Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia. Alta, ustelkeria pasiboagatik, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, hauteskunde kanpaina legez kanpo finantzatzeagatik eta gaizkile elkarte baten parte izateagatik epaitu dute Frantziako presidente ohia, baina azkenean ia leporatutako gehiengoaz hobengabetu dute. Nathalie Gavarino auzitegiko presidenteak azaldu du gaizkileak elkartzearen erruduna dela, zehazki, Libiako diktadorearen aldetik "laguntza ekonomikoak lortze aldera bere gertuko kolaboratzaileei (...) jarduten uzteagatik".
Sarkozyren ondoan, beste hamarrek ere dute beraien kontrako epaia jaso, tartean, Frantziako hiru ministro ohi ezagun –Claude Guéant, Brice Hortefeux eta Eric Woerth–. Hamabigarren auziperatu bat ere bazen, Ziad Takieddine bitartekari franko-libanoarra, baina herenegun zendu zen. Urtarriletik apirilera iragan da auzia Pariseko Auzitegi Korrekzionalean. Claude Guéant eta Brice Hortefeux,erruduntzat jo dituzte: Guéant, faltsifikazioak eta zuritze astundua erabiltzeagatik, influentzia trafikoagatik, ustelkeria pasiboagatik, eta gaizkileak elkartzeagatik; eta Hortefeux, berriz, Sarkozyren gisara, gaizkile elkarte baten parte izategatik. Bi horiek ere kartzela zigorra jaso dute. Hiru auzipetu, tartean, Eric Woerth Sarkozyren 2007ko kanpainako diruzain ohia, hobengabetu dituzte.
"Ustelkeria-paktu pentsaezina, izugarria eta zikina", Frantziako Finantza Fiskaltzaren hitzetan. Horretarako esaktu zuen Sarkozyren kontra zazpi urteko espetxe zigorra, 300.000 euroko isuna eta bost urteko inhabilitazioa. 2005ean hasi zituzten gordekako hartu-emanak, garaian Barne ministro zela Sarkozy.
Horra zein izan zuten tratu zikina: milioiak Sarkozyren kanpaina diruztatzeko eta trukean, abantaila diplomatikoak Gaddafirentzako: Abdallah Senoussi militarra atxilotzeko nazioarteko aginduaren ezeztatzea, Total konpainia frantsesarentzat petrolioa ustiatzeko kontratu bat, eta bi herrien arteko merkataritza hitzarmenak, tartean, Frantziaren partetik espioitza materialaren salmenta. Baina oroz gainetik, bi herrien arteko harremanen garapena eta horrek ondorioztatuko zion "errespetagarritasuna" zuen lehentasunean diktadoreak, finantza-prokuradoaren arabera. Sarkozy eta Le Pen eskandalizatuta, zuzenbide estatuak hitz egin duelako erreportajean eman genuen eskandalu eta epaiketa horren berri 2.913 zenbakian.
Epaiketan zehar, presidente ohiak bere errugabetasuna behin eta berriz azpimarratu izan du, bere aurkako akusazioak "zitalkeriatzat" joz. "Hamar urteko kalumnia, berrogeita zortzi orduko zaintza, hirurogei orduko galdeketa", zerrendatu zuen epaiketa hasi zenean, finean, horrela bukatuta: "Zer aurkitu da? ezer, ezta zentimo libiar bat ere".
Baina kontua da froga andana badirela argiratuta, tartean, 50 milioi euroko ekarpena aipatzen duen 2007ko Libiako Gobernuaren dokumentu ofizial bat. Mediapart komunikabide independenteak ekarri zuen argitara diktadorearen eta presidentearen arteko tratu zikina, 2012ko martxoaren 12an eta apirilaren 28an, besteak beste, bi dokumentu zabalduta froga gisa.
Beste ustelkeria-itun baten harira ere zigortua izan zen 2023an Sarkozy: hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten Sarkozyri 2014an –kargua utzi eta bi urtera– egindako ustelkeria delitua egotzita. Auzitegiak zehaztu zuen zigorra etxean atxilotuta eta besoko elektroniko batekin bete dezakeela. Horrez gain, Bygmalion afera ere hor da, 2012ko presidentetzarako kanpainako kontuei buruzkoa. Ikerketa batek argira ekarri zuen, bere UMP alderdiaren eta eta Bygmalion komunikazio agentziaren arteko faktura faltsuen sistema bat, kanpainan baimendutako gastu mugaren gainditze masiboa ezkutatzeko asmoz. Presidente ohiari urtebeteko presondegi zigor irmoa ezarri zioten lehen instantzian, baina, apaldu zioten 2024an, sei hilabate bakarrik betetzera behartuta. Kasazio Auzitegira jo du kondena horren aurka, eta epaia aurten ateratzea espero da.