argia.eus
INPRIMATU
Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean
  • Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.

Asier Hilario OrĂºs Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko abuztuaren 18a
Euskal Herrian itsasoaren maila azpitik dagoen aire zabaleko puntu bakarra da Bodovalle (argazia: Eukadi.eus)

Burdina gutxienez Erromatarren garaitik ustiatzen zela dakigun arren, XIX. mende amaieran izan zuen eraldaketa sakonena inguru honek: Bessemer bihurgailuarekin modu industrialean erauzi zituzten kareharri artean ezkutatzen ziren burdinazko zainak, eta 13.000 meatzari jardun ziren zeregin horretan, baldintza oso kaskarretan. Baina zer egiten zuen burdin horrek hor? Nola iritsi zen haraino?

Arrezife arteko burdin salda

Gezurra badirudi ere, Ibaizabal Ezkerraldea ixten duten mendi horiek guztiak –baita beste mendi ezagun asko  ere: Anboto, Itxina, Txindoki, Udalaitz, Aizkorri...– arrezifeak ziren iraganean, eta Euskal Herria atoloiez eta koral-irla tropikalez josia zegoen garaiak gogorarazten dizkigute. Arrezife horiek, kolore gris argia duten kareharrizko arroka-masa lodiak dira gaur egun, eta erraz bereiz daitezke. Bada, arrezifeek aurretik zeuden uholde-lautadetako sedimentuak estali zituzten, tartean burdina eta antzeko mineralak. Tenperaturaren igoerak salda berotu eta kareharrietako hausturak bete zituen, burdinazko zainak sortuz, Meatzaldean hain ugaria den siderita eta goethita, esaterako.

Siderita ez zen hain aberatsa, baina industrializazioarekin hura ustiatzeko modua aurkitu zuten eta Bizkaiko Labe Garaietan ere erabiltzen hasi ziren. XX. mende hasieran aire zabaleko ia ehun ustiategi eta beste bi dozena lurpeko meatze ireki zituzten Trapagaran, Ortuella eta Meatzaldeko beste herrietan. Horien artean Bodovallekoa zegoen, Gallartan (Abanto-Zierbena): 700 metro luze, 350 metro zabal eta 150 metro sakoneko zulo handi bat, Euskal Herrian itsasoaren maila azpitik dagoen puntu bakarra da –37 metro beherago–. Meatze horretatik 200 milioi tona siderita atera zituzten, Gallartako herrigune zaharra desagerraraztearekin batera.

Bodovalleren gainaldean Euskal Herriko Meatzaritza Museoa dago eta hainbat bisita gidatu antolatzen dituzte, tartean Bodovallen zegoen Concha II meatzearen aztarnak ikusteko.

Fitxa teknikoa

Non

Bizkaia (Meatzaldea)

Nola iritsi

Trapagaran parean A-8 autobidea utzi eta Gallartara bide zabal batek eramango gaitu; auzoaren sarreran dagoen biribilgunetik gertu kokatzen da Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa.

Bisita egiteko

www.meatzaldea.eus

Informazioa

Geodibertsitatea  liburua eta Haizeolak elkartearen www.ferreriademonte.com webgunea.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]