argia.eus
INPRIMATU
Bizilagunekin plataformaren ustez ez da bidezkoa Jaurlaritzak atzerriko kazetariei luxuzko bidaiak ordaintzea
  • Pasa den astean ARGIAk argitaratutako informazioa salagarria dela deritzo Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak: "Onartezina da aurrekontu publikoa kazetarien bidaietara bideratzea, eta horren bitartez turismoa sustatzea. Turismoaren sustapena aurrekontu publikoetatik lehenbailehen desagertu behar da".

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 27a
Bizilagunekin plataformak urteak daramatza Donostiaren turistifikazioaren aurka lanean. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA) Dani Blanco / ARGIA

Hiru ideia azpimarratu ditu Bizilagunekin plataformak: lehenik, onartezina dela aurrekontu publikoa "press-trip" bezalako ekintzetara bideratzea, eta orokorrean turismoa diru publikoz sustatzea; bigarrenik, turismo-ereduaren inguruko eztabaida publikoa irekitzea beharrezkoa dela; eta hirugarrenik eta azkenik, desazkunde turistikoa ezinbestekoa dela herritarren bizitzak prekarizatzen dituen eredu turistiko horren aurrean.

Bizilagunekin: "Turismoaren sustapena desagertu behar da aurrekontu publikoetatik"

Asteburu pasa baterako, 1.800 euro inguruko bidaia bana ordaindu zien Eusko Jaurlaritzak Italiako sei kazetariri joan den azaroan. Eta era xeheagoan, fakturak argitaratuta, honakoa ikusi genuen: Marqués de Riscal upategi eta hotelean bi mila euro baino gehiago ordaindu zituen Eusko Jaurlaritzak Italiako sei kazetarirentzat, turismoa sustatzeko; bertako gastronomia dastatu eta spa saioa ardotan egin zuten oporraldiaren azken egunean.

Iaz, denera antzerako 26 talde-bidaia ordaindu zituen Jaurlaritzak; guztira, 145.000 euro. Eta 2023an ere bide beretik jarraitzea aurreikusten du Turismo sailak. Bidaia hauen helburua "nazioartearekin harremanak estutzea" eta "Euskadirekin harremana familiarizatzea" da; hala esan zion Javier Hurtado Turismo sailburuak EH Bilduri idatziz egindako galderan.