argia.eus
INPRIMATU
Bixintxo Bilbao pilotariari zigorra kendu dio Nazioarteko Federazioak
  • Munduko pilota txapelketako sari banaketan ikurrina erakusteagatik Bixintxo Bilbao ziburutarrari jarritako isuna, kendu egin dio Nazioarteko Pilota Federazioak.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 28a
Bixintxo Bilbao Frantziako Selekzioko euskal kideekin Trinketeko Munduko Txapelketako urrezko dominak Mexikoko selekzioaren aurka irabazi ondoren. Argazkia: Marie-Claude Delbos.

Ikurrina arauz kanpoko bandera dela argudiatuta, urtebetez nazioarteko txapelketetan aritzeko debekua ezarri zioten Bilbaori. Orain, baina, Nazioarteko Federazioak bertan behera utzi du.

Federazioko presidente Xabier Cazabounek gutun batean azaldu duenez, "erabaki pertsonala" izan da. Plazaratutako oharrean eskerrak eman dizkie Espainiako Pilota Federazioko presidente Julian Garcia Angulori eta Euskal Kirol Federazioen Batasuneko aholkulari juridiko Juan Carlos Sotori. Bestalde, egunotan jasotako "berbazko eta idatzizko mehatxuak" salatu ditu Cazaubonek: "Ezerk ezin du justifikatu idatziko indarkeria, iraina, deskalifikazioa eta gezurra erabiltzea pilotaz ari garela, eta are gutxiago, kirolaren baloreetatik urrun dauden lorpenak jomuga, helburu politikoekin aritzea".