Sanferminak ate joka, Iruñeko eta Iruñerriko garraio publikoko autobus gidariek greba mugagabeari ekin diote asteazkenean. Lanuzteak jaietan izango duen eraginaren aurrean, Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu: Sanferminak hasi bitarte, puntako orduetan %60koak izango dira; behin sanferminak hasita, berriz, puntako orduetan %70koak. Enpresako langileen batzordeak salatu du "gehiegizkoak" direla gutxieneko zerbitzu horiek, eta manifestazioa deitu du uztailaren 5erako.
Egun bat lehenago TCC Moventis enpresako zuzendaritzak langile batzordeari helarazitako azken proposamenaren aurka bozkatu ostean hasi zuten greba asteazkenean langileek. Enpresa batzordeko iturriek Orain hedabide digitalari jakinarazi diotenez, Iruñeko eta Iruñerriko garraio publikoko autobus gidarien artean greba erabateko jarraipena izaten ari da azken bi egunetan. TCC Moventisek jakinarazi du "piketeengatik" autobusen zerbitzuak "atzerapenak" edukitzen ari direla, baina enpresa gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dela.
Billabesetako –Iruñeko eta Iruñerriko garraio publikoko autobusak– gidariek urte eta erdi daramate enpresarekin duten lan hitzarmena berritzeko borrokan. Horren aurrean, TCC Moventiseko zuzendaritzak proposatu die soldatak KPI Kontsumo Prezioaren Indizearen arabera ezartzea, baina langileek hori "atzerapausotzat" hartu dute, aurreko lan hitzarmenean jada jasota baitzegoen.
Mankomunitatea, bitartekari bila
Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campionek jakinarazi du TCC Moventis enpresako zuzendaritzaren eta batzordearen arteko bitartekari gisa jardun nahi duela. Horretarako, ostiral goizerako bien arteko bilera deitu dute. "Bilerak negoziazioei berrekiteko adina iraungo du, oraintxe blokeatuta baitaude", adierazi dio Campionek Diario de Navarra egunkariari. Bilera horren hurrengo egunerako deitu dute langileek manifestazioa, uztailaren 5eko larunbaterako, Sanferminen hasieraren bezperan.