argia.eus
INPRIMATU
Bilbon ere ARGIA bizikletaz banatzen hasi gara Botxo Riders kooperatibaren eskutik
  • Urrian ekin diogu Bilboko bederatzi auzotan ARGIA bizikletaz banatzeari. Hala, lan-baldintza justuetan oinarrituta eta banaketa ekologikoaren bitartez, aldizkariak jasotzen hasi dira Bilboko 200 bat etxebizitzetan; lehenagotik Gasteizen, Donostian eta Iruñerrian egiten dugun bezala.

Axier Lopez @axierL 2022ko abenduaren 15
Argazkia: Botxo Riders

Urritik aurrera Bilboko Abando, Bilbo Zaharra, Zazpi kaleak, Atxuri, Castaños, Abandoibarra, Indautxu, Basurto eta Deustuko ARGIAko kideei aldizkariak bizikleta bitartez heltzen ari zaizkie postontziraino. 200 bat etxetara banatzeko ardura bideratzen ari gara Botxo Riders kooperatiba eratu berriaren bitartez. Banaketa azkarragoa, tokiko ekonomia sustatzea eta langileen lan-baldintza duinak bermatzeaz gain, "zerbitzuen %100 Co2 bidezko kutsadura eta zaratarik gabekoa dela" bermatzen dute Botxo Riders-eko lagunek. Gasteizen Eraman kooperatibako lagunekin hasitako bide emankorrean beste pausu garrantzitsu bat da Bilbokoa. Lan horri esker Iruñean eta Donostian ere bizikletaz heltzen da ARGIA etxe askotara.

CoopCycle Euskal Herria federazioaren lehen ekimen koordinatua

Garraio arloan aritzen diren multinazionalen –Glovo edo Deliveroo kasu– baldintza prekarioak zuzenean ezagutu dituzten pertsonek osatzen dute Bilboko kooperatiba, eta horrek bultzatuta ekin zioten bestelako balore jasangarriagoetan oinarritutako alternatiba sortzeari. Horretarako CoopCycle Euskal Herriaren laguntza izan dute. Kooperatiben federazio hau, banaketak kudeatzeko plataforma digital bat eskaintzeaz gain –software libre eta irekian egina eta munduko hainbat lekutan erabiltzen dena–, maila lokalean sortzen ari diren eta balio politiko eta sozial bertsuak dituzten kooperatiben topagunea da. CoopCycle EH federazioaren helburua da kooperatibetako kideen arteko ezagutzak, gaitasunak eta lan egiteko moduak partekatzea, elkar laguntzeko eta antzeko kooperatiba gehiago sortzeko asmoz. Botxo Riders da federazioaren lehen proiektu koordinatuaren emaitza; izan ere, Euskal Herriko beste kooperatiba batzuetako kideek lagundu dute Bilboko kooperatiba berria martxan jartzen. CoopCycle EH-ko kideek adierazi digutenez, beste proiektu batzuk garatzen ari dira Baionan eta Iruñean, bakoitza bere ezaugarri propioekin, tokian tokiko testuingurura egokituta.