argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian
  • Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta erasotzaileei etxean geratzeko eskatu diete. 

Jon Fernández González 2025eko abuztuaren 22a
Bilboko Konpartsen osteguneko elkarretaratzea. Bilboko Konpartsak

Bilboko Konpartsek jakitera eman dute ostegunean eraso sexistak ugaritu direla, kopuruan zein intentsitatean. Hori horrela, ostegunean arratsaldean elkarretaratzea egin dute erasoak salatzeko, eta erasotzaileei gogorarazteko ez direla jaietara ongi etorriak. 

Hainbat konpartsatako emakumeak kokatu dira pankartaren atzean, aurtengo zein beste urteetako pregoilari eta txupineroez lagunduta, "Erasoen gainetik Aste Nagusia defendatulelopean. Elkarretaratzeaz gain, asteazkenean eraso sexisten aurkako protokoloa aktibatu zuten eta gaueko hamabietan lapikoak jo zituzten.

Erasoak direla medio, konpartsen bigarren elkarretaratzea

Asteartean konpartsek elkarretaratzea egin zuten Aste Nagusiko lehenengo egunetan izandako erasoak zirela eta. Gogorregi konpartsako kide bati eraso homofoboa egin ziotela salatu zuten, eta Gas plazan lo egiten zuten manteroak kanporatzea ere salatu zuten. Horren ostean eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu zuten. Osteguneko elkarretaratzea baliatu dute azpimarratzeko Polizia egunotan aritu dela kale saltzaileei produktuak eta materiala konfiskatzen.

Azkenik, konpartsek Aste Nagusia gozatzera joaten diren herritarrei eskatu diete "giro osasungarria sortzeko eta erasotzaileei ongi etorriak ez direla gogorarazteko parte izan daitezela".