argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenean pasako da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aitzinetik David Pla
  • Otsailaren 13an atxilotu eta goiz honetan gelditu da Espainiako poliziaren esku preso ohia. Elkartasunez eta espainiaratzea salatzeko elkarretaratzea eginen dute bihar 19:00tan Hendaiako herriko etxe aitzinean. Asteazkenean aztertuko dute ere Iratxe Sorzabalen aurkako laugarren euroagindua. Sorzabalen Espainiaratze eskaera salatzeko mobilizazioa eginen dute bihar, 19:30tan, Irungo Jenaro Etxeandia plazan.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 18a
Pla espainiaratuko dute asteazkenean. Egun berean aztertuko dute Sorzabal presoaren kontrako euroagindua

Bihar goizeko 10:00etan pasako da Espainiako Auzitegi nazionaleko epailearen aitzinetik David Pla. Frantziako justiziak preso ohiaren kontrako euroagindua onarturik, otsailaren 13an atxilotu zuen Frantziako poliziak Hendaian. Goiz honetan gelditu da Espainiako poliziaren esku Pla eta ondoko orduetan helduko da Madrilera.

Pla Espainiaratzearen alde agertu zen Frantziako Kasazio Auzitegia iazko abenduan. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2008ko ustezko bilera bategatik egin zuen euroagindu eskaera, ETArekin lotuta. Alta, Espainiak leporatutakoak Frantziako poliziaren txostenek gezurtatzen dituztela azaldu zuen auzitegian Xantiana Cachenaut defentsaren abokatuak.

Pla 2015ko irailean atzeman zuen Frantziako poliziak, Baigorrin, Iratxe Sorzabalekin batera.

Sorzabalen aurkako euroagindua aztergai, bihar

Beste espainiaratze eskaera bat aztertuko du bihar Frantziako justiziak: justuki, Iratxe Sorzabal preso politikoaren aurkakoa. Sorzabalen kontrako laugarren euroagindua da hau. Espainiaratze eskaera hori salatzeko mobilizazioa eginen dute biharko 19:30tan, Irungo Jenaro Etxeandia plazan. Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak taldeak finkatu du elkartasun unea.

2001ean Guardia Zibilaren esku jasandako torturak salatu izan ditu auzibide horretan ere Sorzabalek. 2015ean, atxilotu zutenean, haren tortura salaketak frogatzeko prozedura bat irekitzeko eskatu zion Xantiana Cachenault abokatuak instrukzio epaileari. Istanbulgo protokoloa aktibatu eta mediku aditu baten azterketa izan zuen Fresnesko presondegian: "Medikuaren arabera, Sorzabalen tortura salaketak sinesgarritasun osoa du; estres post-traumatikoa antzeman zion". Euroagindua jasandako tortura horietan oinarritzen dela azaldurik, espainiaratzerik ez onartzea eskatu zuen defentsak. Orain arte, entzun-gabeko eskaera, hain zuzen, iazko azaroaren 19an Parisko Kasazio Auzitegia Sorzabal espainiaratzearen alde agertu zelako.