Euskal Autonomia Elkartean zehar 49 herri eta hiritan burutuko dira Asteklima Klima Aldaketaren lehen Astearen ekitaldiak martxoaren 1etik 10era egingo da, eta Klima Aldaketari buruzko ‘Change the Change’ Nazioarteko Konferentzia izango da ekitaldi nagusia.
Martxoaren 1etik 10era luzatuko den Asteklima Klimaren Aldaketaren astea instituzio publikoen eta enpresa handiek antolatu dute elkarlanean, eratzaileek beren webgunean azaldu dutenez: Ihobe Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, beste hainbat erakundek (hala nola URA-Uraren Euskal Agentzia, Visesa, AZTI, Neiker, Tecnalia, Aclima klusterra, Itsas Mater Museoa, BC3, Iberdrola, Ecodes, Ekoetxea ingurumen-zentroen sarea, Kristina Enea Fundazioa etaUNESCO-Etxea).
Astea, funtsean, zortzi egun gehigoz luzatuko da martxoaren 17a bitarte: "86 ekimen egingo dira guztira: 37 Araban, 26 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan. Gainera, ondorengo astean ere (martxoaren 11tik 17ra bitarte) beste 6 jarduera egingo dira, eta, beraz, guztira 92 ekimen egingo dira klima-aldaketaren aurka". Egun horietarako hitzaldi, tailer eta jardunaldiak programatu dituzte, osatuta zinema-saio, lehiaketa, ipuin-kontalari, erakusketa eta bestelako jarduenez, jorratuz klimaren aldaketak astinduko dituen hainbat osagai: osasuna, moda, big-data, ura, enpresa-sektorea, diseinua, itsasertzaren gaineko inpaktua, eraikuntza jasangarria, nekazaritza-sektorea, giza eskubideak eta abar.
Asteklimaren ebento nagusia Donostian izango da martxoaren 6tik 8ra artean, Change the Change Nazioarteko Konferentziaz, azken asteotan Gipuzkoako eta EAEko ingurumen agintariak hedabide eta sare sozialetan promozionatzen ari direna. Egitarauaren barruan, martxoaren 6an, asteazkena, izango da irekiera ekitaldia, non biltzera hurbildutakoei harrera egingo dieten pertsonalitate hauek: Teresa Ribera Espainiako gobernuko Trantsiziorako ministroa, Nicholas Stern Klimaren Aldaketaren ikerketarako Grantham institutuko kidea, Ignacio S. Galan Iberdrolako lehendakaria eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua.
Azken ekitaldiari itxiera emateko, berriz, hiru pertsonalitateok konbidatu dituzte: Leyla Acaroglu, Sylvia Earle eta Bunny McDiarmid Greenpeaceko zuzendari orokorra.
Egitarautik kanpo, herri mugimenduen protestarik ere ez da faltako Astekliman. Errausketaren Aurkako Mugimenduak herritarrei dei egin die Change The Change biltzarraren atarian beren kexua azaltzera martxoaren 5 eta 6an : "Ez utzi EAE, Gipuzkoa eta Donostiako agintariek ‘green-washing’ merkea egiten, eskatu benetako konpromisoa herritarren eta Lurra planetaren etorkizunarekin, exijitu klimaren aldaketa okerragotzen duten proiektuak baztertzea".