argia.eus
INPRIMATU
Bigarren igandez sutea piztu da Gasteizko Gardelegi zabortegian
  • Bi igandez jarraian su hartu du Gardelegi zabortegiak. Sute horien nondik-norakoak ikertzeko espedientea zabaltzea eskatu du Eguzki talde ekologistak.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 06a

Ekainaren 5ean Gardelegiko zaborrek su hartu dute eta bigarren igandea da Eguzki talde ekologistaren bidez albiste hau zabaldu dena. Eguzkik ohartarazi duenez, "hondakinen errekuntzak eta, bereziki, Gardelegiko plastikoek arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kutsagarriak sor ditzakete, eta kea eta lurrun toxikoak sortzeaz gain, airearen kalitatea larriki kaltetzen dute eta instalazioekin muga egiten duten eremuko (Gasteiz barne) lurrean, uretan eta biztanleguneetan sedimentatuko duten partikulak garraiatzen dituzte".

Arriskua ezagututa eta bigarren igandez su hartu duela ikusita, Eguzkik eskatu du "espediente bat irekitzea sute horien inguruabarrak ikertzeko eta herritarren segurtasun eta osasunerako beharrezkoak diren neurri guztiak ezartzeko".

Gasteizko erdigunetik lau kilometrora

93 hektarea ditu Gardelegi zabortegiak eta hiri-hondakinak eta industrialak jasotzen ditu. Zaldibarko zabortegira zihoazen 23.000 tona orain bertan botatzen dituzte. Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazatik 4 kilometrora dago.