Bigarren aldiz gelditu dute Katalunian Espainiako Vuelta Israel-Premier Tech taldearen parte-hartzea salatzeko. Hainbat pertsonak Palestinako banderak atera dituzte eta txirrindularien bidea oztopatu dute Oloten.
Berriz ere moztu dute Espainiako Vuelta Herrialde Katalanetan, lehenengoa asteazkenean egin zuten, eta Israel-Premier Tech taldea geldiarazi zuten. Ostegunean hainbat pertsonak berriz ere salatu dute Israelen parte-hartzea, baina kasu horretan tropel osoa geldiarazi dute seigarren etaparen hasieran, Oloten.
Asteazkeneko protesta ekimenean gizon bat atxilotu zuen Poliziak, kargupean aske utzi dute desordena publikoa eta agintaritzari jarkitzea leporatuta. Vueltako zuzendari Javier Guillének asteazkeneko eta osteguneko ekimen "biolentoak" salatuko dituela adierazi du, nahiz eta ekintza baketsuak direla agerian izan. Hainbat kritika jaso ditu Guillének Israelgo taldea Vueltan egoteagatik, sionisten taldeak parte hartzeko eskubidea lortu zuela arrazoituta.
Vuelta Euskal Herrira iritsiko da asteartean, irailaren 2an, Nafarroatik sartuko da eta gero Bilbora joango da. Hori horrela, Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chivitek Gazako genozidioa salatu du ostegunean, baina Vueltako Israelen parte-hartzeaz desberdindu egin du Israel ordezkatzea eta Israelgo taldea izatea: "Gauza bat da Israel ordezkatzea, talde batzuek egin duten bezala, eta gobernua erabat aurka agertu da, eta beste bat da Israelgo talde bat hemendik pasatzea".
Onartezina da ekintza baketsu bati biolentoa deitzea, are gehiago "biolentzia sistematikoa" erabiltzen duen estatu baten aurka egiten duenean
Espainiako Estatuko Gazteria eta Haurtzaro ministro Sira Regok gutuna bidali dio Guilléni Israelgo taldearen parte-hartzeaz egindako adierazpenak birpentsatzea eskatzeko: "Eskutitza amaitu nahiko nuke galdetzen ea bateragarriak diren Espainiako Vueltaren balioak nazioarteko zuzenbidea urratzen duen, genozidioa egiten ari den eta herri babesgabe bat sarraskitzen duen estatu bati lotutako talde baten parte-hartzearekin". Regoren ustez onartezina da ekintza baketsu bati biolentoa deitzea, are gehiago "biolentzia sistematikoa" erabiltzen duen estatu baten aurka egiten duenean.
Sylvan Adams enpresaria Israelgo sportwashing-aren atzean
Israel-Premier Tech taldeak garrantzi handia hartu du hamar urte eskasetan, haren atzetik, enpresari milioidun bat dago, Sylvan Adams. Adamsek sportwashing praktikak egiten ditu Israelgo Estatuaren irudi publikoa kirolaren bitartez hobetzeko. Israel-Premier Tech (jatorriz Israel Start-Up Nation) txirrindularitza taldearen atzean dagoen figura nagusia da. 2016an Israelera emigratu zuenetik, Adamsek kirola diplomazia publikoko tresna gisa erabiltzearen aldeko apustua egin du, Israelgo Estatuaren nazioarteko irudia hobetzeko.
Horretarako funtsezkoa izan da sortu berri duten taldea mundu mailako bihurtzea, Chris Froome bezalako izen handiak fitxatuz eta ekitaldi garrantzitsuak antolatuz, Adibidez, 2018an Italiako Giroa Israeldik abiatu zen. Israelgo Munduko Juduen Kontseiluko presidentea ere da, eta publikoki babesa adierazi die sionismoari eta Benjamin Netanyahuren proiektu politikoari. Netanyahuk bere partetik, estatuaren irudia hobetzeko aukera ikusi du Adamsen proiektuetan.