Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die Betharramgo ikastetxean behin eta berriz bortxatua izandako Vincent Destaisek, bere haserrea adierazteko eta "biktimentzako justizia" galdatzeko. Ipar Euskal Herriko haur andana pasa izan zen ikastetxe horretatik, eta salaketa jarri dutenen artean ere badira batzuk.
Lestelle-Betharramgo kasuaz gain, orokorrean ikastetxe katolikoetan bideraturiko indarkeriak eta bortxaketak "hamarkada luzeetan" isildu izana aitortu du Marc Aillet Baionako apezpikuak martxoaren 13ko prentsaurrekoan: "Gauza batzuk genekizkien eta gordetzen genituen, baina ez soilik Elizak, jendarteak ere". Indarkeria horiei begira egondako "omertà" aitortu du apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destais eta biktimen entzuteko egituraren parte den Laurent Bacho apaiza ondoan zituela.
Hala ere, Lestelle-Betharramgo kasuaren berri "komunikabideen bidez" ukan zuela zehaztu die kazetariei apezpikuak. Hori entzunda, bertan zeuden biktima batzuek beraien kexua bideratu diote: "Denek zekiten! Denek zekiten umeen martirizatzeko lekua zela Betharram. Ez erran gezurrik, nahikoa da!".
1960ko eta 1990eko hamarkaden artean pairaturiko indarkeriengatik edota bortxaketengatik, orotara 110 bat lekukotasun eta 70 bat salaketa aurkeztu dituzte –baina hitza hartu duten ikasle ohiek zehaztu dutenari segi, gehiago etorriko dira–. Orotara hamar bat apez, zaindari laiko edota ardurak zituzten ikasle zaharragoak dituzte jomugan –gehienak zenduak, baina guztiak ez–. Zuberoatik hurbil, Ipar Euskal Herriko haur andana pasa izan zen ikastetxe horretatik, eta salaketa jarri dutenen artean ere badira batzuk.
Prentsaurrekoa eskaini dute martxoaren 13an Baionan, "Elizak sentituriko lotsa" aitortzeko eta "biktimei begira elkartasuna" adierazteko. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die Betharramgo ikastetxean behin eta berriz bortxatua izandako Vincent Destaisek. Ikastetxe horretan behin eta berriz errepikaturiko indarkeria eta bortxaketa kasuei buruzko egia eta justizia eskatzeko antolaturiko Mouv’Enfants elkarteko presidentea da Destais. Zortzi eta hamaika urte artean behin eta berriz bortxaturiko umea izan zela oroitarazirik, dozenaka biktimek pairatu "krimenak" salatu ditu.
Betharramgo kongregazioaren "erantzukizuna" aitortu zuen martxoaren 4an Baxo apaizak, AFPri eskainitako elkarrizketan. Jakitera eman duenaz, kongregazioak diruztaturiko batzorde independente bat abiatu dute sexu erasoen eta bortizkerien "arrazoiak" identifikatzeko. Kongregazioko kideak eta ume zirela erasotuak izandakoak entzuteaz gain, artxibo bilaketa lan bat ere abiatuko dute. Baxok iragarri duenez, irakasle eta zaindari laikoen bortizkeriaren eta sexu erasoen biktimei kalte ordainak emanen dizkiete. Orain arte, Elizako erasotzaileen biktimei bakarrik zizkien kalte ordainak bideratzen CRR Aitortza eta Erreparazio Batzordeak.