Psikologoaren bisita birritan eskatua zuen arren, ez zuen halakorik lortu eta bere ziegan urkatuta aurkitu dute 32 urteko presoa. Pasa den uztailean 23 urteko preso bat hilotz aurkitu zuten kartzela berean; 2019an Zaballako makro-espetxean hildakoak bost izan ziren gutxienez eta 2020an hiru dira dagoeneko.
Saihestu daitezkeen heriotzak
Hildakoak hilabete zeraman Zaballan, Iruñeko kartzelatik bertaratua. Salhaketak kritikatu du gutxienez 118 direla Espainiako Estatuko espetxeetan hil diren presoak, eta “saihestu daitezkeen presozidioak” direla. “Beste behin, Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari, Barne Ministerioari eta Gobernuari galdetu nahi diegu ea noiz amaituko den egoera beldurgarri hau. Galdetzen diegu benetan zenbat heriotza gertatu diren, nortzuk ziren hildakoak, zeintzuk izan ziren arrazoiak, zer prebentzio-neurri ezarri ziren, zergatik ez ziren espetxetik atera gaixotasun-egoera aurreratuan zeuden pertsonak, zer egiten ari den pilaketari dagokionez, nola litekeen hainbeste preso egotea menpekotasun larriekin espetxean, buruko gaixotasun larriekin eta gaixotasun handiekin, gehienak diagnostikorik eta tratamendurik gabe, zergatik ez duten bere legezkotasuna betetzen, pertsona presoaren onerako denean, eta bete baino gehiago egiten duten presoaren kalterako denean… Gehiegi dira erantzun gabeko galderak”.
Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzea deitu dute irailaren 21ean Gasteizen, eguerdiko 12etan, Olagibel kaleko Gobernuaren Ordezkariordetzaren aurrean.