argia.eus
INPRIMATU
Beste epai euskarafobo bat, administrazio publikoko langileen euskara eskakizunen kontra
  • Administrazio publikoarentzat Gipuzkoako zahar etxeetan lan egiten duten langileen euskara eskakizunak (B1 eta B2 mailak) “neurriz kanpokotzat” jo zituen iaz Donostiako epaitegi batek. Epai horren aurka Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako helegitea atzera bota du orain EAEko Auzitegi Nagusiak.

ARGIA @argia 2025eko maiatzaren 06a
Protesta, iazko epaiaren aurrean. Kabia

Kabia organismoaren zaharren egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza bertan behera utzi zuen Donostiako epaile Gonzalo Pérez Sanzek, iazko urrian. Gipuzkoako Aldundiaren erakundeak jarritako hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela zioen epaileak. "Euskaraz dakiten eta gazteleraz dakiten langileen arteko aldea handia da". Hots, euskara "gehiegi" baloratzen da postu batzuetan, epailearen hitzetan. Ondorioz, Eibar, Irun, Oñati, Bergara eta Tolosako adinekoen egoitzetan 54 plaza egonkortzeko lan-eskaintza bertan behera utzi zuen Donostiako auzitegiak. Zehazki, 49 lanpostutan euskarazko B1 eta B2 mailak eskatzeagatik baliogabetu zuen lan-eskaintza.

Epai horri helegitea aurkeztu zion Aldundiak, eta orain EAEko Auzitegi Nagusiak argudiatu du Espainiako Konstituzioak “kontsakratutako” oinarrizko eskubidea dela lanpostu publikoetara aurkeztu ahal izatea, eta berretsi egin du iazko sententzia. EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, administrazioak euskarazko arreta emateko langileak antolatu behar ditu, baina horretarako ezin dira langile ia denak euskara jakitera derrigortu.

Azken epai horren aurka ere helegitea aurkeztu daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusian edo Auzitegi Gorenean.

"Euskararen normalizazioaren aurkako erasoa"

Donostiako epailearen ebazpena jakin ostean, protesta egin zuten ELA, LAB eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren baitan kokatu zuten auzia eta “euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat” jo zuten epaitegiaren erabakia. Egoitzetako erabiltzaileak euren hizkuntzan zainduak izatea “ongizate eta zaintza duin baterako oinarrizko baldintzetako bat” direla argudiatu zuten. Horrez gain, nabarmendu zuten “kezkagarria” dela horrelako jarrerek “langileen lan baldintzetan eta euren motibazioan” izan dezaketen eragina: "Ez da onargarria gaztelania izatea enplegu publikorako hizkuntza bakarra".