Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola “giza eskubideen urraketen biktima” izan zirela aitortu du gobernuak. Egiaren Garaia Da plataformak “positiboki” baloratu ditu beste bi aitortza hauek.
Guillermo Garcia 1998an atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak; Ioseba Pagola, aldiz, bi aldiz atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak, 1996an eta 1997an. Beste bi torturatu horiek aitortu ditu Nafarroako Gobernuak, 16/2019 legearen babespean. Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor elkarteak, Egiaren Garaia Da dinamikaren arduradunek, adierazi dute “merezi” duela lege hori baliatzea, “Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoaren tamaina zein izan den erakusteko”.
Garcia eta Pagolarekin, 78 dira jada tortura jasan izana aitortu zaien pertsonak, 16/2019 foru legea martxan jarri zenetik. Hain zuzen ere, pasa den astean 21 torturaren biktima aitortu zituen Nafarroako Gobernuak. Egoera horrela, Egiaren Garaia Da dinamikak “indarkeria politikoa” jasan duten pertsona guztiei mezua bidali die: aitortza eskaerak aurkeztera animatu daitezela.