argia.eus
INPRIMATU
Beste behin, Israelen inguruko polemika nagusitu da Eurovision jaialdian
  • Lehiaketan parte hartu izan duten 72 artistak iazko edizioa "historiko politizatuena eta desatseginena" izan zela salatu dute, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Online botoari esker gertu izan du garaipena Yuval Raphael Israelgo ordezkariak. Polemikaz beteriko edizioa izan da, RTVEk zabalduriko Palestinaren aldeko mezua medio. Estatu sionista Gazan egiten ari den sarraskiaren aurkako aldarriak ez dira soilik Eurovisionen entzun: Israelekin harreman oro etetea exijitu dute 3.000 lagunek Iruñean.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 19a
Yuval Raphael Israelgo ordezkaria Eurovision jaialdian. Denis Balibouse / Reuters

"Israeli lekua eginda, [estatu sionistak Gazan bideratu] krimenen normalizazioan eta zuritzean parte hartzen du Europako Irrati-telebisten Batasunak". Hori adierazi zuten Eurovision lehiaketan parte hartu izan duten 72 artistak The Independent komunikabidean maiatzaren 6an plazaraturiko gutunean. Iazko edizioa "lehiaketaren historiako politizatuena eta desatseginena" izan zela salatu zuten, eta joan den astean zehar egin zen aurtengo edizioa ere ez zen salbuespena izan: Yuval Raphael Israelgo ordezkariak bigarren postua eskuratu zuen, soilik Johannes Pietsch austriarra izan zuen aurretik.

Ikusleen artean jasotako online botoei esker gertu izan zuen garaipena Raphaelek. Lehiaketan parte hartzen duen herrialde bakoitzeko ikusleen arteko bozketa ugaritan izan zen Israel babes handiena jaso zuena: esaterako, Espainiako online bozketaren puntuazio altuena –12 puntu– estatu sionistarentzat izan zen, eta horrek nabarmen handitu du polemika. Izan ere, larunbateko finalaren emanaldia hasi baino lehen mezu bat zabaldu zuen Espainiako RTVE telebista publikoak: "Giza eskubideen aurrean, isiltasuna ez da aukera bat. Bakea eta justizia Palestinarentzat". 

Espainiako RTVE telebista publikoak Palestinaren alde zabaldu zuen mezua Eurovision lehiaketaren finalaren aurretik, larunbatean.

Horren aurretik, Europako Irrati-telebisten Batasunak –Eurovision antolatzen duen taldea– RTVEri Gazako sarraskiaz ez mintzatzeko ohartarazi zion ostiralean, osteguneko final erdietan Espainiako telebista publikoko esatariek eginiko hainbat iruzkinen ondoren. Kasu handirik egin gabe zabaldu zuen Palestinaren aldeko mezua RTVEk, are gehiago, Israelek babes gehiena jaso zuen Espainiako online bozketaren inguruko azalpenak eskatu dizkio Europako Irrati-telebisten Batasunari.

Jaialdian zehar ere Palestinaren aldeko aldarriak nagusi

Telebisten emanaldiekin inguruan sortutako polemikaz gain, asteartetik larunbatera Suitzako Basilea hirian ospatu zen jaialdian ere Palestinaren aldeko aldarriek harrabotsa eragin zuten. Final handian Israelgo ordezkaria oholtza gainean zegoen unean, bikote herbeheretar bat haren emanaldia oztopatzen saiatu zen, "Palestina askatu!" oihukatzen ari zirela. Oholtzara igo behar ziren unean, jaialdiko segurtasun indarrek gelditu zituzten, eta euren kontra bortizki oldartu ziren.

Israelekin harreman oro etetea exijitu dute 3.000 lagunek Iruñean

Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren aurkako aldarriak ez dira soilik Eurovision lehiaketan entzun: 3.000 lagunek bete zituzten Iruñeko kaleak larunbatean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, Israelekin harreman oro etetea eskatzeko. Nakbaren 77. urteurrena bete zen ostegunean –1948an, sortu berri zen Israelgo Estatuak Palestinaren %80 inguru okupatu zuen indarrez–, eta, hain zuzen, manifestazioaren buruan bi lagunek egun horren sinboloa den giltza moduko bat eraman zuten eskuetan: giltzak duela 77 urte Israelek indarrez euren bizilekuetatik kanporatu zituzten 800.000 palestinarren itzultzeko eskubidea oroitarazten du.

Palestinaren askapena lortzeko baldintza garrantzitsuena "Israel desagertzea" dela aldarrikatu zuten, eta horren harira, Euskal Herriko instituzio, alderdi eta enpresei estatu sionistarekin dituzten harreman oro etetea exijitu zieten: "Israel hornitzen, finantzatzen eta hari zilegitasuna ematen dioten hainbat instituzio eta enpresa ditugu hemen, baita Israeli esker aberasten direnak ere". Horien artean, CAF enpresaren konplizitatea salatu zuten: Tel Avivekin tranbiak egiteko egin dituen hamaika kontraturen artean, Israelek okupatutako Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako hainbat kolonia judu lotuko dituen proiektuak harrotu ditu hauts gehien.