argia.eus
INPRIMATU
Caceres garaile hil ondoren
Agua Zarca urtegi proiektua bertan behera utzi dute
  • Hondurasen, sikarioek tiroka hil eta bi urte beranduago irabazi du borroka Berta Caceres ekintzailek: FMO Holandako Garapenerako Bankuak eta FINNFUND Filandiako Industria Elkarlanerako Funtsak jakinarazi dute bertan behera utzi dutela Gualcarque ibaian eraikitzekoak ziren urtegia eta zentral elektrikoa. Horien kontrako borrokan aritzeagatik errepresaliaz hil zuten Caceres. 

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 16a
Berta Caceres Agua Zarcako urtegia eraiki nahi zuten lekuan. (Argazkia: Bieco)

El Libertador hedabideak zabaldu du albistea: Agua Zarcan urtegia eta 21 megawatteko zentral elektrikoa sustatzen zituen DESA Desarrollo Energetico Sociedad Anonimak erabaki duela proiektua bertan behera uztea. Horren kontrako borrokan bizia galdu zuen duela bi urte Berta Caceresek. Ekintzaile ekologistak lenka Honduraseko herri indigenarik handiena antolatu zuen Agua Zarcako presaren aurka borrokatzeko. Presa herrialdearen ipar-ekialdean eraiki behar zuten, eta leku hori oso garrantzitsua zen komunitate indigenen biziraupenerako. Goldman sari ekologista lortu zuen azken urteetako borrokagatik 2015ean.

Berta Cáceresen konpromisoa ez zen soilik bere herriarekin eta naturarekin izan, baita demokraziarekin ere. 2009ko ekainaren 28an Manuel Zelaya presidentea kargutik kendu zuen Estatu Kolpearen aurkako mobilizazioen burua izan zen. Testuinguru horretan, lider indigenak salatu zuen hainbat momentutan AEBek Hondurasen izandako presentzia militarra.

2016ko martxoaren 2an ezezagun armatuak liderraren etxean indarrez sartu eta tiroz hil zuten. Cáceresen amak adierazi duenez, poliziak aipatu du lapurreta saiakera izan zela, baina “badakigu bere borrokagatik hil dutela”. Bi urte beranduago jaso dute lenka etniako jendeek saririk ederrena, proiektua bertan behera gelditzea, Berta Caceresen odolaren gainean ernea.