argia.eus
INPRIMATU
Iran eta AEBren arteko tentsioa piztu da berriz ere Omango Golkoan
  • Donald Trumpek adierazi du AEBetako armadak Ormuzeko itsasartean drone irandar bat lurrera bota duela, maniobra “erasokorrak” egiteagatik. Iranek berria gezurtatu du, hegazkinik galdu ez duela ziurtatuz.

     

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 19a
AEBetako armadak bere presentzia militarra handitu du Omango Golkoan azken hilabeteetan.

Trumpek ostegunean jakinarazi du AEBetako USS Boxer itsasontzi militarrak drone iraniar bat suntsitu duela Omango Golkoko Ormuzeko zintzurrean. Pentagonoak jarraian eman duen informazioaren arabera, nazioarteko uretan izan da gertakaria: “Tripulaziorik gabeko hegazkin bat Boxerrera hurbildu zen, mehatxuzko distantzia batera. Itsasontziak neurri defentsiboak hartu zituen aparatuaren aurka, bere segurtasuna eta tripulazioarena bermatzearren”.

Ordu batzuen ondoren, Iranek informazioa gezurtatu du. “Ez dugu inongo hegazkin ez-tripulaturik galdu Ormuzeko itsasartean, ez beste inon. Errakuntza baten ondorioz USS Boxerrak bere hegazkin ez-tripulatu propioak lurrera bota izanak arduratzen nau!”, idatzi du Twitteren Irango kanpo-arazoetarako ministro orde Abas Araqchik.

Gertaera zehatzetik harago, Trumpek Irani egotzi dio Omango Golkoan nabigatzen duten itsasontzien aurka ekintza “erasokor eta probokatzaile ugari” egitea. Horren aurrean, “AEBak bere pertsonala, bere instalazioak eta interesak defendatzeko duen eskubidea gordetzen du”, adierazi du AEBetako presidenteak.

Iranek ukatu egin du horrelakorik. Indar armatuetako bozeramaile Abdolfazl Shakarchi-k, “nazioarteko estandarrak” betetzen ari direla adierazi du, gobernuaren jarduna “zilegi” dela eta Persiako Golkoko “segurtasuna” babesten ari direla. “Etsaien kalkulu errakuntza batek Irango estrategiaren aldaketa ekarriko du, defentsibatik ofentsibara pasatuz”, esan du Guardia Iraultzaileko komandante nagusi Hossein Salamik.

Iranen eta AEBen arteko tentsioen azken kapitulua izan da. Ekainean, petrolio-ontzi batek jasandako erasoaren ondotik, bi herrialdeen artean beste eskala bateko gatazka bat pizteko aukera mahai gainean dago.