argia.eus
INPRIMATU
Bergarak eta Eskoriatzak txip bidezko edukiontzien alde egin dute
  • Azaroaren 29an egin zituzten hondakinen bilketa sistemari buruzko kontsultak Bergaran eta Eskoriatzan. Herritarrek bietan egin dute bosgarren edukiontziaren alde.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko abenduaren 01a
Txip bidezko bilketaren alde egin dute Bergarak eta Eskoriatzak (Arg.: Goiena).

Bergaran 6.668 herritarrek parte hartu zuten (boto eskubidea zutenen %54k). 4.138k (%62k) bosgarren edukiontziaren alde egin zuen eta 2.506k (%37,6k) orain arteko sistemaren alde. Orain arte organikoa eta errefusa atez ate bildu izan da eta gainerakoa edukiontzietan.

Eskoriatzan 3.289 herritarrek zuten bozkatzeko eskubidea (%59) eta 1.931k parte hartu zuten: 1.300 (%67) izan ziren txip bidezko bosgarren edukiontziaren aldeko botoak eta 566 boto (%29,3) atez atekoaren aldekoak.

Bergara eta Eskoriatzako orain arteko bilketa sistemak EH Bilduk jarri zituen indarrean aurreko legealdian. Oraingoan, bi herrietan EAJk eskuratu ditu alkatetzak eta bietan herri kontsultak egin dira gaiaz erabakitzeko.

Egungo helburuetara iristea da kezka orain

Arrasateko sistema erabiliko dute aurrerantzean bi herriek, dena edukiontziz biltzea, horietako bi, organikoa eta errefusa, txipez kontrolatuak. Arrasaten martxoan jarri zen indarrean sistema hau eta orain arte birziklatze tasa %77tik %80ra artean ibili da.

Urrian bertako mankomunitateak emandako datuen arabera, Debagoienean hondakinen gaikako bilketa %77koa da. Gipuzkoako daturik onena da hori eta Europan ere onenen artean da. Bailarako Zero Zabor taldeen zalantza da ea orain bailara birziklapen tasa horietara iritsiko den.