argia.eus
INPRIMATU
Bechdel testa, fikzioan genero-desbideratzeak neurtzeko tresna
  • Merezi du gaiak leku bat, martxoaren 8an tankerakoak mainstream bihurtu eta martxoaren 9an berriz ere mapatik erabat desagertu baino lehen: ezagutzen duzue Bechdel Testa?

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko martxoaren 07a
Alison Bechdel komikigilea.

Diagonaleko artikulu bati esker izan nuen haren berri. Fikziozko lanetan genero desbideratzeak neurtzeko balio duen hiru puntuko galdetegi sinple-sinplea da.

1) Istorioan agertzen al dira bi emakume gutxienez? (Rol esanguratsuren bat dutenak, izena eta abar).

2) Hitz egiten al dute emakumeek elkarrekin?

3) Solasaldian, gizon bat ez den zerbaiti buruz ari al dira?

Testa pasatzeko hiru galderen erantzunak “bai” izan behar du. Erraza beharko luke, ezta? Ba, azkeneko Oscar sarietan film onenaren saria irabaz zezaketen gehienek ez zuten pasa.

Testaren sortzaileak, Alison Bechdel komikigileak –hitz egin genuen berak idatzitako Fun Homeri buruz–, honela azaldu zuen zerk eraman zuen galdetegia sortzera:

“Arraroa zen pentsatzea fikzioan agertu diren emakume handi horiek denak, Jane Austen arte, beste sexuaren bidez ikusiak izan zirela; ez hori bakarrik, beste sexuarenganako harremanean bakarrik ikusi zituzten. Eta hori emakume baten bizitzako oso zati txikia da”.

Testak baditu gabeziak noski: galbahea pasatzen duten lanek ez dute zertan ez-sexista izan. Eta posible da lan batzuek testa ez pasatzea, istorioaren ezaugarriengatik –Charles Strossek seinalatu zuen Umberto Ecoren Arrosaren izenak erdi aroko monasterio batean kokaturik dagoelako ez duela gainditzen–.

Edonola, tresna baliagarria da gure imaginario kolektiboa eraikitzen duten produktu kulturalak genero ikuspegitik aztertzeko. Zineman, komikietan eta bideo-jokoetan aplikatzen dituzten webguneak badaude. Animatuko al da norbait euskal literaturarekin?

[Artikulu hau Boligrafo Gorria blogean argitaratu da. Kulturari buruzko kontu gehiago topatuko duzu bertan].