José Manuel Villarejo komisarioak BBVAren aginduz egindako espioitza lanen berri bazuela uste du Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio-epaileak. Azaroaren 18an deklaratu beharko du bankuko beste hainbat goi kargu ohirekin batera, tartean Eduardo Arbizu.
Urtebete ez da igaro Francisco Gonzálezek BBVAren presidente kargua utzi zuela eta orain bere burua epailearen aurrean ikusi beharko du inputatu gisa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. instrukzio epaitegiko magistratuak eroskeria eta sekretuak argitara eramatea egozten baitio. José Manuel Villarejo komisarioaren kasuarekin zerikusia du inputazioak.
Sacyr konpainiak BBVA erosi ez zezan, honek Villarejoren espioitza zerbitzuak kontratatu zituen 2004an, eta ustez, hamairu urtez 10 milioi euro kobratu zituen horregatik. 2017an Tandem operazioan atxilotu zuten komisarioa eta hor atzemandako dokumentuekin jakin izan da BBVAren azpilanen berri.
Moncloa.com webguneak argitaratu zuenez, Madrilgo Windsor dorreari 2005ean Villarejok berak eman zion su, Francisco Gonzálezentzat kaltegarriak ziren Deloitte auditoria etxearen paper batzuk deuseztatzeko.
Epaileak, BBVA finantza entitatea inputatu zuen “pertsona juridiko” bezala, eta orain presidente ohia ez ezik, kargu esanguratsuak ere inputatu ditu, horien artean Eduardo Arbizu iruindarra dago, duela gutxi arte BBVAko barne kontroleko arduradun izandakoa.
Azaroaren 18an eta 19an deklaratu beharko dute pertsona horiek eta azaroaren 20an BBVAko egungo ordezkarien txanda izango da, haien deklarazioa bi hilabetez atzeratua izan ostean.