Espainiako Auzitegi Gorenak berriz epaitu nahi ditu bost auzipetuak, baina Auzitegi Konstituzionalak ez. Fiskaltzaren iritzia ezagutu da astelehen goizean: "bistako kalte konponezina" ekarriko liekete bost kideei.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018an utzi zituen bertan behera Arnaldo Otegi, Rafa Díez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodríguezen zigorrak, ordurako zigorrak beteta zeudela. Dena den, ordutik, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera ireki nahi izan du kasua. "Hutsetik" zabaldu beharra zegoela esan zuten bertako hamasei epailek 2020ko abenduan.
Auzipetuen defentsak, Iñigo Iruin abokatuak, errekurtsoa aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta behin-behinean bazen ere, 2021eko urrian, auzia berriz ez epaitzea erabaki zuten epaileek.
Auzitegi Konstituzionaleko Fiskaltzaren txostena ezagutzera eman du gaur El Mundo egunkariak. Horren arabera, "hobekuntzarik ez dakar" epaiketa errepikatzeak, eta, gainera, "bistako kalte konponezinak" eragingo lizkieke bost kideei.