argia.eus
INPRIMATU
Batera zaintza sareak amaieraren berri eman du, instituzio publikoei arduratsuki jokatzea eskatuz
  • Konfinamendu garaian 2.500 sarekide aritu dira laguntza eskaintzen beharrean ziren gasteiztarrei. Herritar askok bizi duten egoera larria oroitarazirik, ondokoa argi du Baterak: “Ezin dugu onartu Gasteizen horrelako bizitzak egotea, eta egoera hauei aterabidea ematea instituzio publikoen ardura dela uste dugu”.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 30
Batera zaintza sarearen agurra, Gasteizen

Koronabirusaren izurriteak ekarritako konfinamenduak ondorioztatu beharrei erantzuteko sortu zen Batera zaintza sarea eta orain, kalera ateratzeko aukera itzuli zaigunez, desagertu da sarea. Helburuak betetzeko bidea ordea ez da bukatua: "Orain kalean gaude, eta aurrean krisi ekonomikoa eta zaintzaren krisia daukagu. Badakigu krisi honek noren bizitzak kaltetuko dituen: gureak. Langileonak, emakumeonak, migranteenak, auzokidenak... Komunitatean antolatzeko arrazoiak ez zaizkigu falta beraz, gure sareak birpentsatzeko unean gaude”. Kalean, auzoan, "komunitateen espazio naturaletan" segituko dute lanean sarekideek: "Hau gure sareak indartsuago egiteko baliatu behar dugu, datorrenari elkarrekin erantzungo diogu, inor atzean utzi gabe".

Zaintza birpentsatzeko beharra

Zaintza birpentsatzeko beharra azpimarratu du Baterak, agur esateko unean. "Zaintza eremu pribatuetan eman ohi da, etxeetan, eta emakumeon bizkar gainean erortzen da gehienetan, errekonozimendurik gabe. Hori zaintza ematen den kasuetan, etxe guztietan ez baita ematen ezta jasotzen ere". Zaintza kolektibizatzeko, zaintzaz jendartean duen tokiaz hausnartzeko eta zaintzari merezi duen aitortza emateko ariketa eraman dute sarekideek bi hilabete eta erdiz: "Norberaren zilborretik begiak altxatu, eta gure komunitatean pentsatzeko eta bizitzeko beste modu bat suposatu du Baterak, guztion beharrak bermatu daitezen lan egiteko modu bat".

Konfinamendu garaian, zaintza lanaren antolaketak dituen gabeziak eta gizarte zerbitzu publikoek dituzten hutsune guztiak agerian gelditu direla dio elkartasun sareak. Hori horrela, egoeraren larritasuna ikusirik, instituzioei –Gasteizko udaletxea lehen lerroan kokatuz– eskatzen die arduratsuki jokatzea: "Ezin dugu onartu Gasteizen horrelako bizitzak egotea, eta egoera hauei aterabidea ematea instituzio publikoen ardura dela uste dugu".

Bizkitartean kaletik segituko dute borrokan: "Auzoetako komunitateetan antolatzen jarraituko dugu, bizilagunekin sareak ehunduko ditugu. Bizitzak zaintzen, defendatzen eta borrokatzen jarraituko dugu!".