Berri-Otxoak gizarte-bazterketaren kontrako plataformak burutu du ekintza, Udalak egindako zenbait murrizketagatik protesta egiteko.
Erre Mago mozorrotuta, ostegun goizean hamarnaka kilo ikatz utzi zituzten Barakaldoko Herritarrentzako Arreta Bulegoaren atean. Ekintzarekin, urriaren 19tik udalerrian larrialdietarako laguntzarik eskatu ezin daitekela salatu nahi izan dute plataformako kideek.
Publiko egindako komunikatuan azaltzen dutenez, Udalbatza Lakuaren xedapen batez baliatzen ari da, zeinak aurrekontu urria izateagatik larrialdietarako laguntzak ukatzea ahalbidetzen duen. Plataformak neurri hau gizarte-langile batek egindako informe batekin ziurtatu behar dela azpimarratzen du, eta hau herritarrentzako eskuragarri ez dela jartzen salatu. Horrek, oztopoak sortzen dizkio helegitea edo alegazioa jarri nahi duenari. “Udal Gobernuak, murrizketak egiteaz gain, ‘administrazio prozedura erkidea’ bezalako eskubideak urratzen ditu”, diote.
Bestetik, oinarrizko beharrizanen gastuetarako laguntzak ere sistematikoki murrizten ari direla jakinarazi du plataformak. Horrez gain, Gizarte Ekintza Sailak ondare-muga 18.000 euroan jarri duenetik, esleitutako laguntzak nabarmen murriztu direla diote. Ondare-muga jaisteko erabakiak 2015ean Arartekoak Barakaldoko Udalaren kontra emandako ebazpenaren kontra egiten duela jakinarazi dute, zeinak argi xedatzen zuen Eusko Jaurlaritzak xedatutako ondare-muga berbera erabili behar zuela Udalak. Ondare-muga hori, aurten, 33.000-51.000 euro artekoa da Eusko Jaurlaritzaren arabera.
Murrizketa guzti hauekin 2.400 familiatik gora kaltetuak izan direla kalkulatzen du Berri-Otxoak plataformak.
Iragan abenduaren 20an antzerako beste ekintza bat burutu zuen Berri-Otxoak plataformak. Orduko hartan Olentzero mozorrotuta joan ziren Gurutzetako Lanbideren bulegora, eta atean ikatza utzi. Ekintza harekin Euskal Enplegu Zerbitzuaren murrizketak eta praktika okerrak salatu zituzten.