Azaroaren 30ean sinatutako akordioaren azken pausoa zen langile batzordearen baietza eta salatu dutenez zazpi kaleratze eta soldatak %25 jaistea –beste zenbaitenak %50– eskatu du erosleak, epaitegien ebazpenaren aurka. Kontraproposamena egin diote, baina ez dute erantzunik jaso.
Azaroaren 30ean sinatu zuen Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolaren salmenta protokoloa Eusko Jaurlaritzak Abu Dhabi Ports inbertsio talde arabiarrarekin. Kontratu hartan, 11,2 milioi eurokoa, 20 eguneko epea ezarri zuten erosketa gauzatzeko, baina horretara heltzeko azken baldintza bat bete behar zen: langile batzordearen oniritzia. Ostegunean egin du prentsaurrekoa lan batzordeak, eta salatu du ontziola erosi duen enpresa partzuergoak baldintza zehatzak jarri dituztela mahai gainean: zazpi kaleratze eta soldataren %25eko jaitsiera, “kasu batzuetan %50 artekoa”. Langile batzordeak kontraproposamena egin dio enpresari, hiru urtez soldata izoztuta izatea; baina momentuz, ez dute erantzunik jaso.
Hari luzea du ontziolaren salerosketaren kontuak. Enpresa hartzekodunen lehiaketan dago iazko abendutik, eta langileak soldatarik gabe aurtengo ekainetik, aldi baterako enplegu erregulazioa amaitu zitzaienetik. Egoera horretan heldu zen, bada, Arabiar Emirerri Batuetako enpresaren proposamena, eta uztailaren 22an eman zion baiezkoa langile batzordeak, baita epaitegiek ere. Langileek azpimarratu dute epaitegien ebazpenak zehazten zuela lan baldintzak mantendu behar zituela enpresa jabe berriak. Baina salatu dute hori ez dela horrela gertatu: prentsaurrekoan kontatu dutenez, duela hilabete erosleen abokatuekin batu ziren Madrilen, eta orduantxe jakinarazi zizkieten lan baldintza berriak.
Horrela, bada, sinatutako akordioa betetzeko egunak bukatzen ari dira, baina langileek salatu dute atzerapena ez dela beren errua. Azaldu dutenez, hasieratik adierazi dute beren jarrera baikorra, “betiere langileen egungo baldintzak mantenduko dituen” proposamenen alde: “Lan egin nahi dugu, egonkortasuna nahi dugu, gure bizitzan duinki aurrera egitea ahalbidetzen digun proiektua nahi dugu”. Eta, hori horrela, adierazi dute akordiotik horren hurbil egonda, ez dutela ulertzen erosleak zelan ez duen erantzun, egindako proposamena “zentzuzkoa” zenean.
Zorrotz agertu dira erakundeekin, Zumaiako Udala baita, beren hitzetan, laguntzen ari zaien bakarra. Salatu dute Eusko Jaurlaritzak erosleekin aurreakordioa sinatu zuenean, operazioa egintzat jo zuela, eta langileen gain jarri zuela “salerosketa arrakastatsua izateko ardura”.