Udazkeneko zenbakia aste honetan jasoko dute ARGIAko kideek, edo berariaz Bizi Baratzeako kide egin direnek.
Bidean da urtaro bakoitzean banatzen den Bizi Baratzea Orriaren hirugarren zenbakia, udazkenekoa.
Koloreak sendabelarretan izenburuko posterra aurkituko dugu aldizkaria osorik irekitzean. Garbiñe Larrearen jakintza, Dani Blancoren argazkiak eta Maitane Gartziandiaren diseinua batu dira lan honetan, eta 46 sendabelar aurkeztu dizkigute, koloreka antolatuta. Izan ere, koloreek ere badute bere eragina.
Aldizkarian bi gai nagusi hauek ere aurkituko ditugu:
Azaroaren 7tik 9ra egingo da 20. Lurrama eta etxaldeen erreleboa du aurtengo gaia. Gai hori bera landu du Jenofa Berhokoirigoinek: etxaldeak gutxitzen ari direla adierazten duten datuak ekarri ditu, baita erreleboa burutzeko eta laborantzan instalatzeko tresnak eskaintzen dituzten erakundeen berri ere. Gai horri buruz elkarrizketatu ditu aurtengo Lurraman gazama eta gazaita (amabitxi eta aitajaun) izango diren bi laborari gazteak: Baigorrin kokatutako Elena Aguerre eta Zerainen diharduen Iñaki Intxausti.
Gero eta jende gehiagok lantzen ditu aguakateondoak. Jakoba Errekondok azaldu ditu arbola honen ezaugarriak, zer hartu behar den kontuan landatzerako garaian eta nola zaindu behar den aguakate ederrak eman ditzan. Getariako (Gipuzkoa) Lahardi baserrian 40 urte daramatzate aguakateondoak lantzen eta bertako Libe Goenega elkarrizketatu du Eli Pagolak. Aguakatearen modaz mintzatu da.
Onddoei ere begiratu diegu aldizkari honetan. Baina ez jatekoei soilik, izan ere, pozoitsuek ere egiten diote onura Lurrari. Fungi erreinuaren funtzio ekosistemikoak azaldu ditugu. Onddoak hobeto ezagutzeko udazken honetan Aranzadi elkarteak antolatu dituen, hitzaldi, erakusketa eta txangoen erreferentzia aurkituko duzu, baita urrian aurkeztuko den liburuarena ere.
Eta nola ez: udazkenean zer egin azaldu digute gure kolaboratzaile berezituek. Zer egin baratzean azaldu du Jakoba Errekondok, zer egin basoan Iñaki Etxebestek, zer egin haziekin Kelo Arribasek eta zer egin sendabelarrekin Garbiñe Larreak.
Aurtengo udaberrian abiatu du aldizkari berezi hau ARGIAk, bere Bizi Baratzea ildoaren baitan. Horregatik, ARGIAko kide direnek astekariarekin batera jasoko dute urtaro bakoitzaren hasieran Bizi Baratzea Orria. Horrez gain, bada Bizi Baratzea Orria jasotzeko beste aukera bat ere: soilik Bizi Baratzea Orria aldizkarira kidetzea.
Informatu hemen, pentsatu lasai, eta zerorrek erabaki zenbat eman eta zer hartu nahi duzun. Ongi etorri Lurrari begiratzen diogunon komunitatera!