2013tik itxita dagoen Corrugados Azpeitia lantegia berriz ere martxan jartzeko aukera mahai gainean jarri du Cristian Lay taldeak, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Hirigintza Plan Orokorraren aurka doa asmoa, eta Udal Gobernuak egindako proposamena baztertu eta lantegia egungo lekuan martxan jartzeko presioa egiten ari dira Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
2013an itxi zuten betiko Azpeitiko herrigunean kokatuta dagoen Corrugados Azpeitia altzairutegia. Fundiziorako prestatuta dago, eta historia luzea du herrian. 2013an 300 langileetatik geratzen ziren azken 40ak kaleratu eta planta itxi zuten.
2019an Corrugados Azpeitiaren eta egun 30 langile inguru dituen Corrugados Lasaoren jabea den Gallardo Balboa erosi zuen Kohlberg Kravis Roberts (KKR) inbertsio-funts iparramerikarrak. Hurrengo urtean Ricardo Lealen Grupo Industrial CL (Cristian Lay) enpresak erosi zuen Gallardo Balboa taldea. Azken urteetan lantegia berriro ere zabalduko ote duten zurrumurrua zabaldu da behin eta berriz.
Azken asteetan, baina, inoiz baino gehiago haizatu da Corrugados Azpeitia zabaltzeko aukera. Joan den astean egin zuten aukera aztertzeko bilera Cristian Lay taldeak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak.
Azpeitiko EAJren udal taldeak ohar bat plazaratu zuen hilabete hasieran, alkateari Corrugados Azpeitia berriz ere martxan jartzea ahalbidetzeko “kemena” eskatuz. Udal taldeak nabarmentzen zuen Cristian Lay taldearen proiektuak Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren babesa duela. Presio hori areagotu egin da enpresarekin eta instituzioekin egindako bileraren ostean.
Nagore Alkorta alkateak lantegia martxan jartzeko proiektuari buruz emandako agerraldian adierazi zuenez, Udalak “interes handia” du Corrugados Azpeitiako jarduera martxan jartzeko. Baina zenbait oztopo daude horretarako. Batetik, enpresak ez duela plan ekonomikorik aurkeztu. Bestetik, herrigunean kokatuta dagoen lantegia ezin dela martxan jarri, 2013an onartutako Hirigintza Plan Orokorrean eremu hori industriala izatetik zerbitzu eta etxebizitzena izatera igaro baitzen.
Gainera, altzairua egiteko labeak herrigunetik hain gertu pizteko txosten teknikoen zain daude, eta Alkortak adierazi du “ia ziurtzat” jo daitekeela herrigunean kokatuta dauden instalazioak erabiltzeko berme nahikorik ez dela egongo. Azpeitiko Udal Gobernuak, lantegia martxan jarri ahal izateko Corrugados Azpeitiako instalazioak Trukutxo eremura lekualdatzea proposatu du, 2013ko Plan Orokorrean onartua zegoen moduan.
Horren aurrean, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak Corrugados Azpeitia egungo kokalekuan martxan jartzea galarazten duen Plan Orokorra Plan Berezi bat onartuz alda daitekeela esan du ETB1en. Lekualdaketa bideragarria ez dela eta lantegia martxan jartzeko asmoa atzeratu egingo litzatekeela argudiatuta Udalari “borondate pixka batekin irtenbide bat bila dezakeela” nabarmendu du.
Halaber, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak Cristian Lay enpresak erakutsitako "benetako borondatearen" aurrean "oztopoak" jarri beharrean "eman beharreko pausoak emateko" eskatu dio Azpeitiko Udalari.