argia.eus
INPRIMATU
Azoka bizi-bizi eta gazte dagoelako, pozik agertu da Durangoko Azokako antolakuntza
  • 60. edizioa iraganda, Durangoko Azoka, Kulturaren Jaialdia lelopean, Gerediaga elkarteko Beñat Gaztelurrutiak adierazi du lemaren esana berretsi duela aurtengo edizioak, "euskal kultura hauspotu" delako. Datorren urtekoak bost egun izango ditu: abenduaren 4tik 8ra egingo da.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko abenduaren 9a
Durangoko Azoka

Siadeco inkesta etxeak egindako eta azoka itxi bezperan aurkeztutako txostena besapean hartuta heldu da Beñat Gaztelurrutia, Gerediaga elkarteko gerentea, prentsaren aurrean balorazioa egitera. Txostenean bildutako datuen arabera, bisitari fidelak ditu Durangoko Azokak. Hamar bisitaritik bederatzi ohikoak dira, eta Landako gunera sartzen direnen %90ak erosi egiten du zerbait. Batez beste, 55 euroren bueltan xahutzen ditu bakoitzak. Nabarmentzekoa da gaztetasuna: bisitarien bi heren 45 urtez azpikoak dira.

Txosteneko datu horiek prentsaren aurrean errepikatuta, balorazio baikorra egin du Gaztelurrutiak: "Bisitari fidelak ditu Durangoko Azokak, eta urtero gehitzen zaigu norbait gehiago; beraz, hori da arrakastaren gakoetako bat". Aipagarria da azokaren askotarikotasuna, ez baita soilik erakustazoka edo salerosketa lekua, badira-eta gune gehiago, hala nola liburu eta disko aurkezpenei, teknologia gaietako solasaldiei, filmei eta antzezlanei bideratutakoak, eta aurten bi berri zabaldu dira: podcast eta bideopodcasten gunea, Berbagailua; eta arte plastikoei loturiko Atartea. Espazio horietan guztietan "oso harrera beroa" jaso dela nabarmendu du Gaztelurrutiak.

Urte guztirako jaialdia

Aurtengo edizioa berezia izan da, 60. aldia zelako, baina baita lelo finkoa ezartzea erabaki delako ere, Durangoko Azoka, Kulturaren Jaialdia. Gaztelurrutiaren esanetan, eta Siadecoren txostena eskuetan, halaxe da: "Baieztatu dezakegu Durangoko Azokak euskal kultura hauspotzen duela, sustatzen duela, eta ikusgarri egiten duela, ez lau-bost egunetan bakarrik, baizik eta hurrengo aste eta hilabeteetan ere bai". Inkestaren emaitzek hala diote: sortzaileen erdiaren esanetan, erakustazokan egon izanak eragin positiboa du haien salmentetan datozen aste eta hilabeteetan. 

Baina azken puntu horrek badu kontrapuntua. Izan ere, Siadecoren txostenak esaten du bost erosletik batek Landakon erosten dituela urte guztiko liburuak, alegia, Durangoko Azokan ez bada, ez duela libururik erosten. Diskoen kasuan, are nabarmenago. Gauzak horrela, Durangoko Azokako antolakuntzak dei egin die Euskal Herriko kulturzaleei interes gehiago agertzeko urte osoan zehar: "Jo dezatela euskal kulturara nahi beste, artistek ez dietelako hutsik egingo". 

Gazteak eta transmisioa

Pozik agertu da Gerediaga elkartea gazteen parte hartzearekin, Siadecoren txostenaren arabera hiru bisitaritik bi 45 urtez azpikoak direlako. Gazteak erakartzeko ahalegina egiten du antolakuntzak, eta horixe goraipatu dute. Esaterako, lehen egunean, Ikasle Goizean, Euskal Herriko osoko hainbat ikastetxetako milaka ikasle heldu ziren Durangora, autobusez (160) zein trenez. Haiei begirako ekitaldiak ugari izan ziren, eta arrakastatsuak izan zirela esan du Gerediaga elkarteak. Eskertu egin dute hezkuntza zentroek parte hartzeko duten nahia. 

Bestalde, bigarren egunak, larunbatak, Gazte Eztanda izena hartu zuen. Haiei begirako egitaraua eraikitzeko ahalegin berezia egin zuen antolakuntzak, eta horrekin ere pozik agertu dira. 

Sormen Beka, Joxe Azurmendiri buruzko komikiari

Aurtengo beka komiki lanetara bideratu da –iazkoa arte erakusketa baterako zen, eta Irati Bazetak jaso zuen–, eta aurkeztu diren hamabi lanen artean, Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak lana saritu dute. Hiru dira atzean dauden sortzaileak: Ainhoa Olaso, Usue Egia eta Mikel Urdangarin. Azken horrek tesia egin du Joxe Azurmendiren inguruan, eta horren harira ipini da abian proiektua. Egiak marrazkiak egingo ditu, eta Olasok gidoia. Epaimahaikideak ondoko hauek izan dira: Unai Iturriaga, Esti Albizu, Ainara Azpiazu "Axpi", Adur Larrea eta Garazi Arrula. Azurmendiri buruzko lana aukeratu dute, besteak beste, proiektu "anbiziotsua" delako.

Komikiaren abiapuntua izango da Joxe Azurmendiren eta zenbait autore feministaren arteko elkarrizketak fikzionatzea. Angela Davis, Simone Weil, Vandana Shiva, Jule Goikoetxea eta beste hainbat pertsona agertuko dira bertan. Krisietatik bilaketetara, ezinegon, galdera eta gogoetak landuko dira, elkarren arteko zubiak eraikita. 

Ondoko hau da sinopsia: 

Joxe Arantzazuko Santutegian ikasle dabilela, aita hiltzen zaio lan istripu batean. Fedea auzitan jartzean, bizitzako zimenduak eraitsiko zaizkio eta bizitzaren zentzuaren bilaketan abiatuko da. Une berean, Dynamite Hillen (AEB) arrazializatutako familien aurkako bonba-erasoen ondotik, Angela Davis borroka anti-arrazistan aktibatu eta bere ibilbide politikoa hasiko du. Bi pertsonaia hauek munduko txoko ezberdinetan elkar lotzen joango dira, bidean hainbat gizaberetxorekin topatuz.

Ezker-eskuin: Mikel Urdangarin, Usue Egia eta Ainhoa Olaso. Durangoko Azoka