Atzerritarrentzako Internamendu Zentroak (AIZ) progresiboki ixten hasteko erabakia hartu du Kataluniako Parlamentuak, Tancarem els CIE (AIZk itxi) plataformak egindako eskaerari erantzunez.
PP eta Ciutadans alderdiak kenduta, gainontzeko talde parlamentario guztiek bat egin dute AIZ ereduen berrikuste lantaldeak aurkeztutako ondorioekin. CIUk eta PSCk babestu egin dute Tancarem els CIE plataformaren eskaria. “Atzerritarrentzako internamendu zentroen itxiera prozesuarekin lehenbailehen has daitezen” ere eskatu dute.
Erabaki hau aitzindaria da Espainako Estatuan, eta Tancarem els CIE talderaren ustez “giza eskubideen aldeko pauso garrantzitsu” bezala ulertu behar da. Erabakiak, ordea, ez du Bartzelonako AIZren itxiera ekarriko, ez baita gobernu katalanaren konpetentzia. Ekimenaren bultzatzaileek uste dute, hala ere, migrazio politiken paradigman aldaketak eragiteko aurrekaria izan daitekeela Kataluniakoa.
Ondorioen azken dokumentuak bestelako konpromiso batzuk ere biltzen ditu. Hala nola, Espainiako Poliziari deportazioen inguruko 2007ko protokoloa –poliziei deportazioetan indarra erabiltzea baimentzen diena– indargabetzeko eta Kataluniako Gobernuari profil etnikoetan oinarritutako sarekada polizialekin amaitzeko eskatu diete.