argia.eus
INPRIMATU
Aterpeak orokortzen ari dira ikastetxeetako patioetan
  • Pandemia garaian (ere) kanpoko espazioak ahal bezainbeste aprobetxatu asmoz, gero eta gehiago dira patioan karpak eta aterpeak jartzen ari diren ikastetxeak. Iruñeko Iturrama institutuak estalpea inauguratu du, eskaera historiko bati erantzunez, eta Nafarroako beste sei ikastetxetan ezarriko dute aurten estalkia.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko apirilaren 13a

782 metro koadroko aterpea da Iturraman jarri dutena. Honako hauetan ere aurten bertan estalkiak ezarriko dituztela iragarri du Nafarroako Hezkuntza sailak: Berako Toki Ona, Leitzako Amazabal, Doneztebeko San Migel, Villatuertako San Veremundo, Berbintzanako Rio Arga eta Burlatako Ermitaberri.

Bilbon, ikastetxeen karpa eskaerei ezetz esan die Udalak

Esan bezala, orokortzen ari den joera da, kanpo espazioek duten garrantziaz jabetzeko balio izan baitu pandemiak. Eusko Jaurlaritzak, gainera, ikastetxeetan karpa jartzeko ekimenak finantzatu egiten dizkie udalei EAEn. Bilbon, baina, ez du halakorik nahi Udalak: hiriburuko zortzi ikastetxek karpa jartzeko eskaera egin diote Udalari, baina honek ezetz esan die eskaera guztiei, ez du karparik nahi ikastetxeetan. “Argi dago hezkuntza komunitatearen eskaerak ez direla Udal honen lehentasun”, kritikatu dute BIGE Gurasoen elkartetik.